Aspalditik dago tematuta Europako Batzordea, muga digitalek desagertu behar dutela esaten du, ez duela zentzurik estatu arteko deiak estatu barrukoak baino garestiagoak izateak, ez behintzat Europako Batasuna merkatu bakarra dela ulertuz gero. Prezioak bateratzeko xede horretan, Viviane Reding Telekomunikazio komisarioa zenean etorri ziren lehen neurriak. Hark hasitako lanari jarraitu dio Neelie Kroes egungo Agenda Digitaleko komisarioak. Biek, telefono konpainien kontrakotasuna topatu dute bidean. Alabaina, haien jarrera ere aldatzen ari dela dirudi.
2007tik %80 merkatu dira estatuarteko deiak Europako Batasunean. Urrunago joan nahi du Bruselak, eta hurrengo neurri sorta ere prestatuta dauka. Joan den irailean aurkeztu zuen Kroesek, eta aurtengo uztailean igarriko dira ondorioak. Ordutik aurrera, telefono konpainiek debekatuta izango dute atzerrian deiak jasotzeagatik kobratzea. Jasotzetik egitera joan nahi du gero. Bruselaren asmoa da 2016rako kentzea nazioarteko deiak egiteagatik dauden gainkostuak. Aste honetan ziren eurodiputatuak gai horri buruz bozkatzekoak, baina atzeratu egin dute.
Proposamenaren berri izan zutenean, haserre mintzatu ziren telefono konpainiak. Roaming-a desagertzeak galera ekonomiko handiak eragingo zizkietela zioten: 7.000 milioi eurorenak, 2020ra arte. Esan zuten horrek inbertsioak egiteko gaitasuna kenduko ziela, eta inbertsiorik gabe sektoreak ezin zuela aurrera egin. Vodafonek, Telefonicak, Deutsche Telekomek eta Orangek kritikatu zuten, besteak beste, Europako Batzordearen erabakia.
Haietako batzuek, ordea, hilabete gutxi behar izan dituzte iritziz aldatzeko. Bruselak finkatutako epeei itxaron gabe, aurten bertan hasiko dira nazioarteko deiak ohiko tarifetan eskaintzen. Konpainia ezagunen artean, Orange da roaming-a kenduko duela iragarri duen lehenetakoa. Eskaintzak baditu mugak. Herrialde batzuetara soilik hedatuko baita: Frantzia, Espainia, Polonia, Belgika, Errumania, Eslovakia eta Luxenburgora, hain zuzen. Halaber, beharrezkoa izango da hilean 30 eurotik gorako tarifa plana izatea.
Eskaintza hobea egin du Bouygues Telecom Frantziako hirugarren telefono konpainiak. 35 herrialdetako deien prezioak parekatuko ditu, eta SMS mezuak, MMS mezuak eta 3G zerbitzua ere sartu ditu eskaintzan, hori bai, urtean gehienez 35 egunean. Free konpainiak, berriz, Portugal, Italia, Guyana Frantsesa eta Antilla Frantsesetarako deietan kenduko du roaming-a.
Erabilera mugatua
Eskaintza berri horien arrazoia ulertzeko, galdera bat egin behar da: Zer egiten du jendeak sakelakoarekin atzerrira joaten denean? Europako Batzordeak 28.000 herritarren artean egindako inkesta baten emaitzetan ageri dira erantzunak. Joan den astean aurkeztu zuen txostena Kroesek. Ateratako ondorioen arabera, lautik batek itzali egiten du sakelako telefonoa atzerriko herrialderen batera joaten denean. Hau da, telefono konpainientzat ondoriorik okerrena duen erabakia hartzen dute.
Xehetasun gehiago ere ageri ziren inkestan. Bostetik batek erantzun zuen nahiago izaten duela SMS bat bidaltzea deitzea baino; alabaina, lautik batek inoiz ez luke SMSrik bidaliko Europako Batasuneko beste herrialderen batera. Telefonoko Interneten erabilera ere mugatu egiten dute %94ek. Inkesta erantzun dutenen ia erdiek inoiz ez dute Internetik erabiltzen atzerrian; soilik %10ek bidaltzen ditu mezu elektronikoak etxean baleude bezala.