Iñigo Bilbao, (Mexiko Hiria)
Asteburua inoizko tristeena izan da Mexiko Hirian. Aste Santua zirudien, hiriburua hustu egiten baita orduan. Eta halaxe ageri ziren kaleak, parkeak, jolastokiak... Hutsik. Jende gehiena hiriburuan bertan egon arren, kalean ohi baino askoz ere jende gutxiago ibili zen eta atera ziren gehienak, hamarretik sei bai, maskara zeramaten ahoa eta sudurra estaltzeko. Mexiko Hirian zazpi hildako gehiago eragin zituen txerri gripeak igandean. Armando Ahued Osasun idazkariak eman zuen ezagutzera datua atzo goizeko agerraldian. Alboan zuen Marcelo Ebrard gobernuburua. Joan den ostegunean Mexiko osoan larrialdi egoera ezarri zutenetik, agintariek egunero egiten dituzte halako agerraldiak epidemiaren azken datuak emateko.
Agintariek oso serio hartu dute birusaren mehatxua eta bezperan muturka ibilitako politikoek bat egin dute. Hiriburua PRD ezkerreko alderdik kudeatzen du, PAN eskuinekoak berriz, gobernu federala. Xehetasunetan tira-bira txiki batzuk atzematen badira ere, elkarlanean dabiltza aginte maila biak. Jose Angel Cordoba Osasun idazkariak hartu du krisiaren ardura. Bai bera, eta bai Felipe Calderon presidentea egoeraren larriaz ohartarazita ere, jendea lasaitu nahian ibili dira.
Calderonek eman ditu mezu lasaigarriak: "Egoera larrian bada albiste onik, badagoelako botika birusari erantzuteko eta gaixotu daitezkeen guztiak artatzeko beste botikak baditugulako". Cordobari berriz, datuak eman eta erabaki larriak hartzea egokitu zaio. Berea da maiatzaren 6a bitartean hezkuntza sisteman maila guztietako ikastetxeak ixteko erabakia.
Elizarekin liskarrak
Agerikoa da, publiko egin ez arren, Elizarekin izan duten talka. Larunbata goizean artzapezpikuak biharamunean mezak egin egingo zirela esan zuen. Arratsaldeko agerraldian Cordobak espreski aipatu zuen eliza ekitaldi oro bertan behera utzi behar zela esateko. Ordubete eskas beranduago jakin genuen katolikoek irratiz eta telebistaz entzun beharko zutela meza. Horixe bera gertatu zitzaien futbolzaleei, partida guztiak ikusle barik jokatu ziren eta.
Hiru neurri horiek, azken biak batez ere, diruditena baino larriagoak dira Mexikon, fedea eta futbola oso errotuta baitaude herritarren kulturan.
Hiriburuko agintariek haratago egin dute. Larunbat gauen euren kabuz itxi ez zituzten dantzalekuek polizien bisita izan zuten. Zenbait delegaziotan gainera, tokian tokiko agintariek taberna, jatetxe, dantzaleku eta enparauak ixteko agindua eman dute.
Marcelo Ebrard gobernu buruaren kezka nabarmena da. Igandean epidemiaren kontrako B plana baduela esan zuen: Kutsatu eta hildakoen kopuruak handituz gero, hiria gelditu egingo dute. Beharrezkoa balitz metroa bera ixteko prest daude. Ebrard ez dator bat lantegiak ez ixteko erabakiarekin. Atzo hiriko enpresa handi eta merkataritza ganberekin hitz egin zuen lantegietako jarduera zelan murriztu aztertzeko.
Askoren iritziz, alta, agintariek serioegi hartu dute mehatxua epidemiaz eman dituzten kopuruak ikusita. Eta auzi honetan ere agerikoa da agintariekiko mesfidantza. Alejandro Valdez arkitektuaren arabera, benetako osasun krisia herrialdea militarizatzeko baliatu nahi dutela uste du. "Militarrak ipini dituzte hiriko toki estrategikoetan maskarak banatzen, eta krisiaren aitzakiarekin edozein etxe susmagarrian sartzeko baimena sinatu du presidenteak".
Hiri mitoak ere asko dira. Luis Moralesek dio baduela lagun bat Osasun idazkaritzan eta haren esanetan, hildakoak, larunbatean, 1.003 ziren. El Universal egunkariaren eztabaida guneetan ere, antzeko mezua zabaldu du Arturok: "Birgaitze Institutu Nazionalean lan egiten duen izebak deitu digu bertan hildakoak dozenaka izan direla esanez, besteak beste, hamar mediku". Angel Lavarrios mediku erretiratuak ere zalantzak ditu: "Neumoniak jende gehiago hiltzen du urtero eta ez dituzte eskolak ixten. Ez lukete halakorik egingo ezinbesteak behartuta ez balitz".
Mexiko, hiri fantasma
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu