Israelen nazioarteko lege urraketen kontrako BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra mugimenduko Europako koordinatzailea da Michael Deas. Baikortasunez ikusten du nazioarteko boikotaren gorakada, eta uste du Tel Avivek ikara diola nazioarteko bakartzeari.
Zelan lortu duzue BDSren kanpainak horrenbesteko oihartzuna eta babesa izatea azken urteotan?
Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israelgo apartheid-aren hesia legez kanpokotzat jo eta urtebetera abiatu genuen kanpaina, 2005ean. BDS Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak kanpainak aukera ematen dio norbanakoari eta nazioarteko gizarte zibilari palestinarren askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko borrokari laguntza garrantzitsu bat emateko. Israelek ezingo dio eutsi palestinarren kontrako apartheid sistemari nazioarteko babes barik. Nazioarteko gobernuek eta konpainia pribatuek babes politikoa eta ekonomikoa ematen diote Tel Avivi. Israelgo erakundeak eta konpainiak bakarturik geratuko dira. BDSren nazioarteko boikot kanpainak eragindako kalte ekonomikoen ondorioz. Orain ikusten ari garena da azken urteetan Euskal Herriko, Europako eta mundu osoko ekintzaileek eta erakundeek egindako lana ondorioak izaten hasi dela eta iritzi publikoa bat egiten ari dela.
Scarlett Johanssonen kasuak balio izan al du Mendebaldeko iritzi publikoak bere hipokresia ispiluaren aurrean ikusteko?
Johanssonen eskandaluak balio izan du fokua Israelen apartheid, kolonialismo eta okupazio sisteman jartzeko. Balio izan du jendeak ulertzeko Israelen legez kanpoko kolonietan lan egiten duten konpainiek laguntza inplizitua ematen dutela giza eskubideen urraketa handiak egiteko. Banatzaileek ezin dute luzaroan esan ez dakitela SodaStream erabat murgilduta dagoela Israel Palestinan egiten ari den kolonizazioan. Eta milioika kontsumitzaile orain konturatuko dira SodaStream erostean, etikoki garbia izatetik urrun, nazioarteko legediaren urraketetarako dirua ematen ari direla.
Zergatik indartu dute boikot ekonomikoa bereziki Erresuma Batuko, Herbehereetako eta Norvegiako gobernu eta konpainiek?
Europako erakundeak Israelen intrantsigentzia etengabeari erantzuten ari zaizkio, eta iritzi publikoak palestinarren askatasunaren eta justiziaren alde abiatutako olatuari. Halere, Herbehereetako eta Norvegiako pentsio funtsek Europako gainontzeko estatuek baino lege aurrerakoiagoak dituzte. Denbora kontua da gainontzeko banku handiak ere Israelen apartheid-ean desinbertitzen hastea.
Hainbat arlotan banatu duzue boikota: ekonomikoa, kulturala, akademikoa... Zein da Tel Aviveko gobernuarentzat kaltegarriena?
BDS mugimenduaren hazkundeak eta arrakastak mezu argia bidali dio: nazioarteko gizarte zibilak palestinarrak babesten dituela. Stephen Hawking eta Roger Waters Pink Floydeko kide ohia bezalako pisuzko pertsonek Israelen gonbitei ezetz esateak eta Europako inbertsio bankurik handienak Israelgo krimenak babesteagatik konpainia batean zeukan dirua ateratzeak sekulako foku mediatikoa jartzen du Tel Aviven gainean, eta palestinarren borroka azaleratzen du. Israelen zigorgabetasuna eteteko, nazioarteko pauso guztiak dira ongi etorriak.
Israelek zergatik dio beldurra BDS mugimenduari?
Israelek izua dio jendaurrean estatu okupatzaile, kolonizatzaile eta apartheid eragile gisa erakusten duen edozeri. Azken asteetan jakin dugu Israelgo ekonomia igartzen hasi dela boikot neurrien gorakada. Bloomberg agentziak ohartarazi du SodaStreamen kotizazioa jaitsi egin dela boikot kanpainaren ondorioz. Herbehereetako, Danimarkako eta Norvegiako azken desinbertsioek erakutsi diote Tel Avivi nazioarteko legedia urratzeak baduela prezioa.
Zer dio Benjamin Netanyahuren gobernuak?
Yair Lapid finantza ministroak ohartarazi berri du boikotak laster «israeldar guztien poltsikoetan» eragingo duela. Ayelet Shaked legebiltzarkide israeldarrak BDSri buruz esan du Israelek duen «mehatxurik handiena» dela.
Zenbat diru ari da galtzen Israelgo ekonomia BDSren kanpainaren ondorioz?
Oso zaila da zenbaki zehatzekin neurtzea, baina gero eta zantzu gehiago ikusten ditugu Israelgo ekonomian benetako kalteak eragiten dituela baieztatzen dutenak. Ur eta argindar hornidura lantzen duen Veolia Frantziako multinazionalak, adibidez, 15.000 milioi eurotik gora galdu ditu udaletako kontratuetan; izan ere, iritzi publikoa Veoliak diru publikoa jasotzearen kontra dago, hark Israelen legez kanpoko koloniak hornitzen dituelako. Palestinako gizarte zibilak beste behin eskatu die euskal erakundeei eten ditzaten Veoliarekin dituzten kontratu guztiak, Israelen apartheid-arentzat ezinbesteko babesa delako Frantziako multinazionala.
Uste duzu Europa Israelgo okupazioaren kontrako neurri ekonomiko gogorragoak hartzen ari dela?
Ikusten ari gara Europako konpainiak eta gobernuak Israelen intrantsigentziari erantzuten ari direla.
AEBen jarrera ere aldatzen ari dela uste duzu, ala John Kerry estatu idazkaria Israel bake negoziazioetara bultzatzeko soilik ari da erabiltzen nazioarteko boikotaren mehatxua?
Europa eta mundu guztia bezala, AEBak ere arin ari dira palestinarren askatasunaren eta justiziaren aldeko jarrera hartzen. Batez ere, ikasleen artean eta judu estatubatuarren artean. Israel bereziki arduratuta dago AEBetako gero eta judu gehiago ari direlako jendaurrean azaltzen Israelen apartheid politiken kontra. Halere, oraindik AEBak dira Israelen babesle handienak. Milaka milioiko laguntza militarra ematen diote urtero. Baina oso deigarria da John Kerryren tamainako pertsonek orain ezin diotela ez ikusiarena egin ziztu bizian hazten ari den boikotari.
Israelek eta palestinarrek bake itunik lortzen ez badute, gehiago indartuko da boikot kanpaina?
Kerryk gidatutako prozesuan, Israelek argi laga du ez duela nazioarteko legedia betetzeko asmorik, ezta kolonien eraikuntza erritmoa jaistekorik ere. Nazioarteko legedia betetzeko Israelen borondate faltagatik itunik lortzen ez bada, kontzientzia oneko pertsona, konpainia eta gobernuei ez zaie beste aukerarik geratuko boikota babestea baino.