Ekintzaile palestinarrek koheteak jaurtiz atentatuak egiteari uzten dioten arte Gaza erasotzen jarraituko dutela agertu du Amir Peretz Israelgo Defentsa ministroak gaur goizean, irrati publikoan egin dioten elkarrizketa batean.
Israelgo Armada aurretik prestatutako plan zehatz baten arabera ari dela jokatzen nabarmendu du Peretzek, eta koheteak egin eta jaurtitzen dituzten guneak suntsitzea dela beren helburua."Armada Gaza iparraldean sartu izanak azalpen bakarra du: jomugak, koheteak jauritzeko tokiak, atzematea", esan du. Ostegun goizetik Gaza iparraldean dago Israelgo Armada, tanke eta gurdiekin hornituta, nahiz eta eraso nagusiak airez egin dituzten.
Isralego Armadaren erasoez gain, palestinarren arteko liskarrak gori-gorian daude: Al Fataren eta Hamasen jarraitzaileak elkarren kontra ibili dira egunotan. Horri buruzko azalpena ere eman du Peretzek: bere ustez, PANen erabateko kontrola hartu nahi du Hamasek, eta horregatik piztu ditu liskarrak. Egun, batasun nazionaleko gobernuak gidatzen du PAN, baina egunotako borrokek asko ahuldu dute.
"Milizianoen erasoak amaitu arte" segituko du Israelek Gaza bonbardatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu