Iazko otsailaren 15ean aurkeztu zuen bere azken literatur lana: 'Mohamed eta parroko gorria'. Liburu haren aurkezpenaren kariaz, 'Egunkaria'-k plazaratu zuen artikulua da honakoa:
Martin Ugalde: «Etorkinak ez dira ikusten gure literaturan»
‘Mohamed eta parroko gorria’ eleberria etorkin koitadu baina zuzen bati buruzkoa da
Ainhoa Oiartzabal/Donostia
Martin Ugaldek ez du erretiroan pentsatu —79 urte bete ditu aurten—. Aitzitik, «Jainkoak nahi duen arte» idazten jarraituko duela dio. Hori esan zuen atzo bere azken liburu Mohamed eta parroko gorria-ren aurkezpenan, Donostian. Joan Maria Torrealdaik eta Xabier Mendigurenek lagunduta aurkeztu zuen eleberria idazle eta kazetari andoaindarrak.
Martin Ugalde erretiratu ez den ideiari jarraiki, hari buruzko biografia idatzi duen Joan Mari Torrealdaik gogorarazi zuen nola Ugalde Euskal Herrira lan egitera etorri zen Venezuelako erbestetik, «etorkizuna prestatzera etorri zen». Hala, hemen dagoenetik —1969. urteaz geroztik— erdarazko 30 liburu idatzi nahiz apailatu ditu. Euskarazkoak, berriz, 12 izan dira. Eta azken hamarkadako guztiak euskarazkoak dira. Venezuelan bost liburu kaleratu zituen hizkuntza bakoitzean. Hala ere, familia, karrera profesionala eta sona herrialde hartan lortu zituen, «eta hura utzirik Euskal Herrira etorri zen. Berak idatzi izan duenez, beharbada ez zen etorriko bere jatorrizko herrialdera, baldin eta berau kulturalki eta politikoki aurreraturik egon balitz», adierazi zuen Joan Mari Torrealdaik.
Babesgabeen alde
Elkarlanean argitaletxeak kaleratu du Mohamed eta parroko gorria eleberria. Hala, Xabier Mendiguren Elizegik azaldu zituen liburuaren argumentuaren nondik norakoak. Aurretik, baina, Martin Ugalde idazle klasikoa dela eta oraindik lanean jarraitzen duela azpimarratu zuen.
«Liburua irakurtzen ari nintzela, neurri batean, Frank Capraren It’s a Wonderful Life filma etorri zitzaidan burura», esan zuen Mendigurenek, filmaren argumentuak baina batez ere bere zuzendari Crapak pobreenganako agertzen zuen sentikortasuna Ugaldek «baztertuentzat, babesik ez dutenentzat» sentitzen duenaren antzekoa dela adierazteko.
«Nobela honekin sentimendu hori areagotu egin dela uste dut», azaldu zuen Xabier Mendigurenek, «izan ere, liburuko protagonista Mohamed koitadu samarra da, tokatzen zaio gerra eta gerra ondoko Euskal Herrian bizitzea, eta, gainera, ez dago bere herrian; etorkin bat da». Ugalderen aurreko liburuetan ere —Itzulera baten historian eta Pedrotxon— gerra giroak, bizileku aldaketak eta txirotasuna agertzen direla azaldu zuen Elkarlaneaneko ordezkariak, eta hiru liburuek antzeko gai eta giroarekin «kate bat» osatzen dutela esan zuen.
Martin Ugalderen obrarekin lotu zuen Mendigurenek Mohamed eta parroko gorria liburua. Hain zuzen ere, emigrazioaren gaia behin baino gehiagotan agertzen da Ugaldek Venezuelan eginiko lanetan, bera han etorkina baitzen. Baina, batez ere, «injustiziak ikusteko» Ugalderen begi zorrotza nabarmendu zuen Mendigurenek.
Etorkina izandako idazlea, etorkinaz idazten
Izenburuak iradokitzen duen legez, Mohamed da eleberriaren protagonista, gazte marokoar bat. Umezurtza eta gizagaixo samarra da, eta Errepublika garaian Bilbora iritsi da, militarren kuartelak hornitzeko txerrikortan lan egitera. Horretan ari dela lehertu da gerra. Eta txorizoa jatea eta pattarra edatea atsegin duen musulman gaztea itxura batean moraltasunaren eredu denik ez dirudien arren, barrengo justizi sena irtengo zaio injustizien aurrean.
«Ni Venezuelan etorkina izan nintzen, eta pentsatu nuen hemen orain ere badirela etorkinak. Eta haiek ez zirela ikusten gure literaturan», azaldu zuen Martin Ugaldek protagonistaren hautaketaz galdegin ziotenean. Ugaldek azaldu zuenez, Mohamed izeneko gazte marokoar baten istorioaren berri izan zuen, zeina interesgarria iruditu zitzaion eleberrian idazteko, «eta, batez ere, bere nagusiaren kexuei erantzuten imajinatzea». Ondoren, «sekretu bat» argitu zigun Martin Ugaldek, liburuko parroko gorria nor den argitu zuen: «Don Eugenio apaiza, —Andoaingo Santa Krutz izan behar luke berak—, da apaiz gorria», esan zuen, apaiz gorriaren inspirazioa zeinengandik etorri zaion azaltzeko.
Arimak lagun
Aurreko liburuak idaztea baino gehiago kosta zaio Martin Ugalderi azken hau idaztea. «Beldurra nion ordenagailu aurrean eseritzeari, nik ez nekien zer pasako zen», azaldu zuen atzo. Baina sendagilearen animoei kasu egin, idazten hasi eta gai zela ikusi omen zuen. «Hala ere, batzuetan haria galtzen nuen, eta lehenengo probak ikusitakoan konturatu ziren laguntza behar nuela». Zorteko dela esan zuen oraindik idatz baitezake, «baina ez naiz lehengoa. Nekatu egiten naiz sakon pentsatzen dudanean». Nekea, koordinazio falta eta mugimendu traketsa izaten duela azaldu zuen , eta baita beste gauza aipagarri bat ere: «Sentitzen nuen aldamenean baten bat nuela, eta begiratu eta ez zen inor egoten. Nire anaia bera sentitu dut ondoan». Idazten jarraituko duela esan zuen, «beharra sentitzen dut. Idaztea sortzea da, eta hori polita da». Gai politikoekiko interesa galdu egin duela zioen.
'Euskal herritar Unibertsal' saria Martin Ugalderi
'Mohamed eta parroko gorria', Ugalderen azken liburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu