Mati Iturralde, LAB-eko exekutibako kidea

«Motibatuta izanez gero, nahi duenak ikas dezake»

Agurtzane Solaberrieta - DONOSTIA Mati Iturralde, medikua den arren, urte asko daramatza politikaren arloan eta sindikalgintzan lanean. Oso garbi esaten du Euskal Herrian arlo batzuetan jarduteko, politikan edota irakaskuntzan esaterako, derrigorrezkoa izan behar duela euskara jakitea eta euskaraz aritzea.

2005eko martxoaren 17a
18:16
Entzun
Noiz eta zergatik hasi zinen euskara ikasten?

12 urte nituela hasi nintzen gau eskolan, etxekoek bultzatuta. Unibertsitatean jarraitu nuen gero. Lizentziaturako lehenengo zatia Valladoliden (Espainia) egin nuen. Han euskal ikasleen asanblea zegoen, eta euskara irakasten zuten eta han hasi nintzen. Karrera bukatu eta haurdun geratu nintzen. Nire seme-alaben ama hizkuntza euskara izan zedin, ikastaro trinkoa hasi nuen Gasteizko AEKn. Espetxean egin nuen denbora ere euskara hobetzeko baliatu nuen.

Zaila egin zitzaizun euskara ikastea?

Ez. Orain entzuten dudanean oso zaila dela, eta lau urtean ikastea ezinezkoa dela, harritu egiten nau. Motibazioa behar da, motibazioak bultzatzen zaitu ahaleginak egitera.

Beraz, esan dezakegu nahi duenak ikas dezakeela.

Noski baietz, motibatuta izanez gero. Agian epe motzean ezingo du maila altua lortu, baina duintasunez hitz egiteko gaitasuna har dezakezu. Besteak ulertzeko ez da behar beste munduko inteligentzia eta denborarik.

Euskaldun berria zara eta hain zuzen aurtengo Korrikak euskara ikasi edota ikasten ari diren guztiak omendu nahi izan ditu. Nola bizi duzu Bilbon hainbeste urte eta gero hizkuntz eskakizuna lortu ez duten irakasle horiek egiten ari diren itxialdia?

Ulertezina da. Nik eta inguruko guztiak ahalegin handia egin dugu urteetan zehar gure burua euskalduntzeko: dirua, denbora, esfortzua... Gero ikusten duzunean herri honetako profesional batzuek hartu duten jarrera, lotsagarria da. Ikasleek derrigorrez ikasi behar dute euskara eta irakasleek hori bermatu behar dute. Gainera, ezin dugu ahaztu lehenengo mailako hizkuntz eskakizuna eskatu zaiela eta urte askotako liberazioa izan dute horretarako. Ulertezina da, hor borondaterik ez da egon.

Urte asko daramatzazu politikan eta sindikalgintzan lanean. Euskararen erabilerari dagokionez, ze bilakaera egon da?

Ezker abertzalean, esaterako, egon den bilakaera izugarria izan da. Orain dela 25 urte, bileretan kostata egiten genuen euskaraz. Memento honetan %90 euskaraz egiten da. Beste arloetan, Gasteizko Parlamentuan esaterako, euskararen erabilera oso mugatua egon da. Ez da kontua han dabiltzanak euskaldunak ez direla, euskaldunak direnek ez dutela egiten baizik.

Euskal Herriko politikari asko, dena den, ez dira euskaldunak. Zer esango zenieke?

Irakasle horiei buruz esan dudan gauza bera. Gizarte honetan jada lanbide eta lan batzuetan derrigorrez euskaraz egin behar da. Ez badira euskaldunak, herri honetan ezin dute hainbeste arlotan lan egin.

Bihar [gaur] iristen da Korrika Arabara. Parte hartzeko asmorik baduzu?

Bai, bai. Gasteizen kilometro bat hartu dugu eta han izango gara, urtero bezala, hutsik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.