PSOEk Nafarroako Gobernuaren osaketaren inguruan hartutako erabakiaren inguruko azalpenak eman ditu gaur goizean Jose Blanco Espainiako sozialisten antolakuntza idazkariak, Ser irrati katean.
NaBairekin gobernua eratzea ezinezkoa zela adierazi du Blancok, batik bat, "gobernu egongaitza" osatuko litzatekeelako. "Elkarbizitza bermatzeko erabakirik onena da. Uste dugu NaBairekin eratutako gobernua egongaitza litzatekeela, eta ezin da liskarra elikatu duen gobernu batetik gobernu egongaitz batera igaro", esan du.
Ildo horretatik, NaBairekin desadostasun konponezinak dituztela agertu du, eta koalizio hori "hetereogenoa" izatea arazo izan dela hitzarmena egiteko. Koalizioko bi alderdik, Aralarrek eta EAk, EAE-ANVri aulkiak eman dizkietela nabarmendu du, eta hori Alderdien Legea urratzea dela.
Purasen dimisioa errespetuz hartu duela eta haren argudioetako batzuk ulertzen dituela adierazi du. PSNko kideei ohartarazi die hartutako erabakia "derrigorrez" bete behar dutela, eta ados ez dagoenak joateko "bidea irekita" duela.
NaBairekin osatutako gobernua "egongaitza" litzatekeela argudiatu du Blancok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu