Mikel Carramiñana (2008ko martxoaren 5a)
Bi kanoiekin hornitu zuten, baina bakailao-ontzia besterik ez zen Nabarra, Eusko Jaurlaritzaren itsas armada osatzen zuten gainerako bouek bezala. Juan Telletxeak (Ibarrangelu, 1917) hogei urte baino ez zituen Eusko Gudarostean izena eman eta Nabarra-ko sukaldean lanean jarri zutenean. Oso «une latzak» bizi izan zituen duela 71 urte, aurrez aurre topatu zutena 36ko gerrako matxinatuen benetako gerraontzia zelako, Canarias izenekoa. Euskal marinelek, alabaina, ez zuten ihesik egin.
Itsasoaren garrasien gainetik kanoikada eta eztanden hotsa nagusitu zen Matxitxakoko lurmuturrean, 1937ko martxoaren 5ean. Orain 91 urte ditu Telletxeak, baina ondo gogoratzen ditu egun hartan entzundakoak: «Ikaragarria zen; negarrak, oihuak, tiroak eta laguntza eske ari zirenak». Hiruzpalau orduz aritu ziren elkarri tiroka itsasontzi biak, baina txikiak, azkenean, ez zuen izan handiaren haginkadatik onik ateratzeko inolako aukerarik, «guk eutsi besterik ez genuen egin gure bi kanoi txikiekin. Hura ez zen benetako bataila izan, bien arteko aldea izugarria zelako».
Azkenean, Nabarra boua hondoratu egin zuten frankistek, eta ontzian zeuden 49 itsasgizonetatik 30 hil ziren borrokan. Juan Telletxea bizirik atera ziren 19 lagunetako bat izan zen. Donostian espetxeratu zituzten gehienak eta, fusilatu behar zituzten arren, Canarias ontziko kapitain frankistak haien indultua lortu zuen, borrokan erakutsitako adoreagatik.
Iaz, gudaldi horretako 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldietan parte hartzeko aukerarik ez zuen izan Telletxeak. «Nabarra pozik ikusiko nuke berriz».
"'Nabarra' pozik ikusiko nuke berriz"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu