Arantxa Iraola
Annapoliskoa urrats bat gehiago izango da Ekialdeko Hurbileko gatazkak konponbidean jartzeko, eta 200an palestinarren eta israeldarren artean etendako bake prozesua biziberritzeko. Aurretik egindako urrats asko hots handikoak izan dira, baina konponbiderik ez dute ekarri. Hona, kronologikoki:
Madrilgo Konferentzia
AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Sobiet Batasunak bultzatutako bilera izan zen, 1991. urtean Madrilen (Espainia). 1978. urtean Camp Daviden (AEB) egindako negoziazioetan Israelek eta Egiptok hitzartutako bake hitzarmenean oinarrituz, Palestinako auziari konponbidea bilatzen saiatu ziren. Madrilgo Konferentzian, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ordezkari Haidar Abdel Shafirekin bilera egin zuen Israelgo lehen ministro Yitzhak Shamirrek. Israelgo presidentea bera ere bilerara joatekoa zen, baina Tel Avivek ez zuen onartu. Gainera, hasi aurretik, palestinarren ordezkaritza Jordaniakoaren barruan txertatzea nahi zuen Israelek, baina ez zioten exijentzia hori onartu. Konferentzia hartan bakearen truke lurrak berreskuratzea eskatu zuten palestinarrek. Ordezkaritza horiez gain, Siria, Libano, Jordania eta Egiptokoak ere parte hartu zuten.
Osloko akordioak
Oslo I. akordioa izenpetu zuten Tel Avivek eta PAEk 1993ko irailaren 13an, Washingtonen (AEB). Urte hartako urtarrilean Oslon (Norvegia) abiatutako negoziazioei jarraiki, Printzipioen Deklarazioa izenpetu zuten bi aldeek, aski esanguratsua: Tel Avivek PAE onartu zuen palestinarren ordezkaritzat, eta PAEk, Israelen izaera. Elkarri bostekoa eman zioten Yitzhak Rabin Israelgo lehen ministroak eta Jasser Arafat PAEko buruzagiak. PAN Palestinako Aginte Nazionala sortu zuten segidan, eta hasiera hartan Gaza eskualdearen eta Jeriko hiriaren kontrola ahalbidetu zioten. Baina ez zuten estatus iraunkorrerako akordiorik hitzartu. Akordiorik gabe geratu ziren, hain justu, Jerusalemi, etorkizuneko estatu palestinarraren mugei eta errefuxiatu palestinarren itzulerari buruzko eztabaidak.
Oslo II.a. Taban (Egipto) izenpetu zuten 1995eko irailaren 24an, eta irailaren 28an Washingtonen berretsi, Jasser Arafat PANeko buruak eta Shimon Peres Israelgo lehen ministroak. PANek Gazako eta Zisjordaniako hiri nagusi batzuen -Jerusalem izan ezik- kontrola hartuko zuela eta Israelek preso palestinarrak askatuko zituela hitzartu zuten. Zisjordania hiru eremutan banatu zuten, %7 PANen esku, %21 bi aldeen esku, eta, gainerakoa, Israelen esku. Hala zehaztu arren, ordea, Israelek okupazioarekin segitu zuen, eta ez zituen kokagune juduak gerarazi; haatik, zabaltzeko urratsak egiten jarraitu zuen. Urte haren amaieran, azaroaren 4an, Yitzhak Rabin hil zuten bake prozesuaren bultzatzaile eta eragile nagusia; judu ultraortodoxo batek hil zuen. Shimon Peresek ordezkatu zuen lehen ministro karguan.
Camp Davideko ahaleginak
2000ko uztailean Camp Davideko negoziazioak hasi ziren berriro ere, Bill Clinton AEBetako presidenteak bultzatuta. Ehud Barak Israelgo lehen ministroa Jasser Arafatekin elkartu zen. Bi astean jardun zuten eztabaidan, eta inoiz baino zehatzagoak izan ziren mahai gainean jarritako proposamenak, baina fruiturik ez zuten eman. Eta egoerak okerrera egin zuen. Urte hartako irailean, bigarren Intifada lehertu zen. Clintonek, hala ere, urte amaiera arte jardun zuen akordioa lortzeko ahaleginetan, baina Ehud Barak egoera aski zailean zegoen, eta dimisioa eman behar izan zuen.
Taba hiriko bainuetxeko ituna
2001. urtean Taba hiriko bainuetxeko negoziazioak egin zituzten. Bill Clinton AEBetako presidentearen --kargua utzi berria zuen-- proposamenen gainean egindako azken ahalegina izan zen. Baraken gidaritzapean, Israelek borondatea erakutsi zuen zenbait aurrerapauso -palestinarren esanetan, eskasak- egiteko, baina eskuak lotuta zituen; aste gutxiren bueltan lehen ministroa hautatzeko bozak egin behar zituzten, eta ezin zuen hitzik eman etorkizuneko urratsen gainean. Bozak Ariel Sharonek irabazi zituen, eta Taban hitzartutakoak bertan behera laga zituen.
Errepide Maparen aurkezpena
Ekialde Hurbilerako Laukoteak (Errusia, AEB, Europako Batasuna eta NBE) 2003an bultzatutako egitasmoa da; 2005erako estatu palestinarra osatzeko jarraitu beharreko urratsak hitzartu zituzten. Mahmud Abbas PANeko lehen ministroak eta Ariel Sharon Israelgoak ekainaren 4an izenpetu zuten akordioa. Estatu bi eratzea onetsi zuten, eta alde biek indarkeria albora uztea. Baina egitasmo hori ere ez zen aurrera atera.
Annapolisko ahalegina
Bake elkarrizketarik gabeko hainbat urteren ostean, berriro saiatuko dira AEBetan, Annapolisen, bakearen alde. Hamasek ez du parte hartuko elkarrizketetan. 2006ko bozetan garaile atera zen, eta Gazaren kontrola du gaur egun. Hamasek uko egiten die orain arte lortutako akordioei, eta ez du Israelen izaera onartzea ontzat jotzen.
Nahi eta ezinaren konferentziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu