Independentziaren alde gauden herritarren topalekuaren bidean
Euskal Herriak aldaketa garaiak bizi ditu. Azken hamarkada luzean, Euskal Herriaren eskubideetan oinarrituriko bidean urrats garrantzitsuak eman ditugula uka ezina da. Gaur, Euskal Herriaren nazio errealitatea eta bere erabakitzeko eskubidea, jendartean osagai aski errotuak dira. Euskal jendarteak, egun bizi dugun egoera gainditu eta bere hitza adierazi eta errespetatua izatea nahi du.
Errealitate hori estali asmoz, Espainiako eta Frantziako estatuak gure herriarekiko zapalkuntza areagotzen ari dira. Europan bertan hainbat nazioren independentziarako aukerak edo aldarriak nabarmen zabaltzen ari diren garaiotan, Euskal Herria munduan nazio aske eta batu bat izateko eskubidea galarazi nahi digute. Zergatik ez digute euskal herritarroi ere izan nahi duguna erabakitzen uzten?
Zorionez, Euskal Herria ere ez da geldirik dagoen herria. Beste hainbat herritan bezala, independentziaren aldeko oinarri oso sendoa eta anitza baitugu geuk ere. Gainera, Euskal Herriak Europan estatu bat izateko dituen aukerak, baliabideak edo gaitasunak, ikusi nahi duenarentzat begi bistakoak dira. Horregatik, herritar abertzaleak, ilusio handiarekin, helburu horren alde gaudenon arteko metaketaren beharra egunez egun ozenago adierazten ari gara.
Bizi dugun egoera ikusirik, lehenik eta behin, zera adierazi nahi dugu:
- Euskal Herriak, euskal herritar guztien eskubideak bermatuko dituen esparru juridiko-politiko bat behar duela.
- Esparru juridiko-politikoaren aldaketa modu demokratikoan egin behar dela. 50 eragiletik gora Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoan adostu bezala, euskal herritar guztiei, Euskal Herriaren etorkizunari buruz galdetu behar zaie, eragileek adostutako moduan.
- Abertzaleok, herri gisa arituz, aldaketa hori gorpuztu eta elikatu behar dugula. Euskal Herria estatua izatea nahi dugunok, bestelako bitarteko kultural, linguistiko, ekonomiko eta instituzional berriak eskuratzen joan behar garela.
- Horretarako, Euskal Herriak independentzia lortzeko dituen aukerak jendartean indartu eta errotu behar ditugula.
Gaur, Donostian, oinarri independentistaren nahiari erantzun asmoz, independentziaren alde gauden herritarron topalekua konpromisoa hartzen dugu:
1. Egun sakabanaturik agertzen zaigun independentziaren aldeko oinarri sendoa aintzat hartuta, eztabaidatzeko, biltzeko eta adierazteko eskaintza berri bat egin nahi dugu.
2. Jendarteko sektore zabalen ilusioa, gogoa, aberastasuna eta aniztasuna metatuz, euskal herritarrok, behar ditugun aldaketen protagonista aktiboak bihurtzeko konpromisoa hartzen dugu.
3. Euskal Herriak estatu gisa egituratzeko dituen aukerez eta gaitasunez aritu eta independentziaren aldekotasuna hedatu eta indartzeko determinazioa publikoki adierazi nahi dugu.
Baikortasunez eta poztasunez diogu: independentistak gara. Milaka eta milaka gara eta gehiago izan nahi dugu, indarrak gehitu nahi ditugu. Kriminalizazio garai hauetan, orain arte bezala, bide zibil eta politikoetan oinarrituriko jarduera garatuko dugula adierazi nahi dugu. Herriaren gogoa da hemen gaudenon egitekoa marraztu behar duena eta ez dugu beste inork zer egin behar dugun esateko beharrik. Are gutxiago, egun ukatzen gaituzten estatuak baldin badira. Horregatik, egin nahi dugun bide berria, zabala, parte hartzailea eta guztion arteko adostasunez gauzatzea ezinbesteko premisa den neurrian, lana modu horretan egiteko konpromisoa hartzen dugu.
Donostian, 2009ko urriaren 31n
Nazio Eztabaida
Nazio Eztabaidaren ebazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu