Nazioarteko futbol txapelketa bat antolatzea proposatu du ESAITek

2012ko abenduaren 29a
21:55
Entzun

2014. urtean, Munduko Futbol Txapelketa jokatuko den urtean, Euskal Herriaren eta Kataluniaren artean nazioarteko beste futbol txapelketa bat antolatzea proposatu du ESAITek. “Bertan, estaturik gabeko zein estatua duten nazioek lehiatzeko aukera izango lukete, inolako bazterketarik gabe”, adierazi du Ixiar Arratibel ESAITeko kideak.

Euskal selekzioak Boliviaren aurka duen partidaren harira, ekitaldi nazionala egin du iritzi taldeak Donostiako Gaska kiroldegian. Egun osorako egitaraua prestatu du; 12:30ean, Koka-Eulatek eta Mendizabal I.a-Otxandorenak jokatu dute Atanon. 16:00etan, Irrien Lagunen festa egin dute Gaskan, eta 17:00etan, kalejira abiatu da Bulebarretik. Gaskako ekitaldian izan dira, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko Espainiako Kongresuko diputatua. Gainera, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du partidan izango dela.

Arratibelek azaldu du “egungo esparru juridikoan bideragarria” dela nazioarteko futbol txapelketa bat antolatzeko proposamena, eta beste kirol batzuetan ere era horretako urratsak egitea proposatu du: “Azken finean, urratsez urrats joan behar dugu”. Iritzi taldeko kideak azaldu du “inoiz baino aukera gehiago” daudela pauso horiek emateko: “Euskal Herriak beste fase batean sartu behar du. Akordio nazionalaren fasea irekitzea proposatzen dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.