Nazioarteko Diru Funtsak auzitan jarri du Greziaren hirugarren erreskate plana. Haren arabera, astelehen goizean hitzartutakoa motz geratzen da Greziaren finantza beharrak asebetzeko eta BPGaren %200era igoko da herrialdearen zor publikoa. Hirugarren erreskate hori iritsi bitartean Atenasen udan behar dituen 12.000 milioi euroak nondik atera bilatzen ari dira, akordiorik gabe oraingoz.
Reuters agentziak filtratutako NDFren txosten baten arabera, Greziako ekonomiak azken hilabeteotan okerrera egin du, eta horrek egoera aldatu du: "Zorraren jasangarritasunaren okertze dramatikoak erakusten du orain arte aztertu den zorraren arintzea —eta ESMk proposatu duena— baino maila handiagokoa izan beharko duela".
NDFko teknikarien arabera, Greziari 30 urteko epea eman behar diote bere zorra ordaintzen hasteko. Horren alternatiba Europako itunek debekatzen dituzten bi tresna erabiltzea da: urtero Greziako Gobernauren aurrekontua EBren diruarekin hornitzea da edo zorraren zati bat barkatzea.