Christine Lagarde NDF Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak euroguneko ekonomiaren "tentsio eta estresaz" ohartarazi du eta Espainiaren eta Italiaren zorra erosteko eskatu dio Europako Banku Zentralari, egoera baretzeko.
Erreskate funtsak zuzenean bankuak kapitalizatu beharko lituzkeela aldarrikatu du Lagardek, estatuen eskuetatik pasatu gabe, estatuen zorra ez handitzeko. Horixe bera eskatzen du Espainiako Gobernuak.
Gai hori aztergai izango dute hain zuzen gaur Erroman egingo duten bileran; bertan izango dira Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, François Hollande Frantziako presidentea, Mariano Raxoi Espainiako presidentea eta Mario Monti Italiako lehen ministroa.
Lagardek moneta politika aldatzea eskatu du, baina hori EBZren "ardura" dela gogorarazita. "Momentu honetan, Europako moneta sistemaren bideragarritasuna bera ere zalantzan dago", gaineratu du.
Gainera, NDFren zuzendariak aurrekontuetako herstura neurriak arintzea eskatu du.