Igandean Donostiako Kursaalean Batasunak ekitaldi politikoa egiteko asmoa duela eta, ika-mika sortu da. Izan ere, alderdi hori legez kanpokoa dela argudiatuta galarazteko eskatu dute zenbait sektorek, batik bat, PPren ingurukoek. "Egungo dinamikan" ekitaldi hori debekatzea "oso arraroa" litzatekeela iritzi dio gaur Odon Elorza Donostiako alkateak. Era berean, "gauzak ondo" joanez gero, Batasunak hurrengo udal eta batzar nagusietarako hauteskundeetan parte hartu beharko lukeela adierazi du.
Ez naiz ni ekitaldi hori baimendu edo galarazi behar duena, baina iruditzen zait sartu garen dinamika honetan oso arraroa litzatekeela bilera hori debekatzea", esan du Elorzak Antena 3 telebista kateko Ruedo Iberico saioan egin dioten elkarrizketan. "Normaltasun egoera batean sartzen bagara —oraindik ez gara sartu—, ez litzateke inolako arazorik egon behar ekitaldi horrekin".
Ildo bertsutik, prozesuak aurrera egiten badu hurrengo udal eta batzar nagusietarako hauteskundeetan Batasunak parte hartu ahal izango duela uste du Donostiako alkateak: "Gauzak ondo joanez gero ezker abertzaleak datozen udal eta foru hauteskundeetan parte hartu beharko luke. Oraindik urtebete baino gehiago falta da, eta epe horretan prozesua normalizatu daiteke".
Odon Elorza: "Egungo dinamikan oso arraroa litzateke Kursaaleko ekitaldia debekatzea"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu