Europako Batasunak ere zoriondu du Chavez Venezuelako hauteskundeak irabazteagatik, eta datorren legealdian "oinarrizko eskubide eta askatasunak sustatzeko" lan egiteko eskatu dio. "Garaipenak ardura dakar. Agintaldi berrian, Chavez Venezuelako gizarteko sektore guztietara itsi behar da, herrialdeko erakundeak indartu eta oinarrizko askatasunak eta garapen ekonomiko iraunkorra sustatzeko", esan du Catherine Ashton Europako Batasuneko Kanpo Politikako ordezkariak.
Parte hartze maila handiagatik —ia %81— eta hauteskunde eguneko "lasaitasun giroagatik" pozik agertu da Ashton: "Horrek erakusten du Venezuelako herriaren konpromisoa demokraziarekiko". Gainera, oposizioak emaitzak berehala onartu izana goraipatu zuen Ashtonek.