EAEko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeari buruz eta Batasunak bertan parte-hartzeko dituen aukerei buruz mintzatu dira Euskadi Irratian Mikel Arana (EB-Berdeak), Pernando Barrena (Batasuna), Onintza Lasa (EA), Markel Olano (EAJ) eta Ramon Etxezarreta (PSE-EE). Barrenak adierazi duenez, "naturala da Batasuna Ibarretxek hartu duen erabakiarekin haserre egotea. Guretzat hilabete bat gehiago izatea funtsezkoa izan daiteke aurkeztu ahal izateko". Etxezarreta bat etorri da Barrenarekin. "Ibarretxek hauteskundeak hiru astez aurreratzea erabaki badu, berak ematen dio garrantzia hiru aste horiei". Olano, Lasa eta Arana ez dira ados azaldu Batasunak esandakoarekin. "Hiru asteren gorabeherak ez du inolako eraginik izango Batasunaren parte-hartzean. Partiduen Legea PPk eta PSOEk adostu zuten, ez hirukoak", argudiatu dute.
Pernando Barrenak adierazi duenez, "Ibarretxek ez du bere hitza bete. Legegintzaldia agortu egingo zuela adierazi zuen, eta ez du hala egin. Legez, ekainaren erdialdean ere egin zitezkeen hauteskundeak, baina epeak estutzea erabaki du. Bi hilabete horiek kenduta, Batasunak hauteskundeetara aurkezteko duen eskubidea murriztu egin du. Hirukoa osatzen duten alderdiak ilegalizazioaz baliatu dira udal askotan, eta baliteke orain gauza bera egitea. Argi dago Batasuna gabeko Eusko Legebiltzarra ilegitimoa izango zela, egun Nafarroako Parlamentua ilegitimoa den bezala".
Hirukoa osatzen duten alderdiak ez dira bat etorri Barrenaren hitzekin. Markel Olanoren ustez, Batasunak ez du asmatu erantzukizunak banatzeko orduan. "Hirukoak eta EAJk uste dugu Batasunak aurkezteko eskubidea duela. Hala ere, argi izan behar da aurkezteko aukerarik izango ez balu zeinen ardura izango litzatekeen. Partiduen Legea PPk eta PSOEk adostu zuten, ez hirukoak. Gainera, grazia egiten dit Batasunak zein garrantzia ematen dien hiru aste horiei. Ez du ez hankarik ez bururik parte-hartzeko aukera hiru aste horien baitan egongo denik pentsatzea. Madrilen erakutsi dute zeinen azkarrak diren zerrendak legez kanpokotzat jotzeko orduan".
Eusko Alkartasunako ordezkari Onintza Lasak azaldu duenez, "alderdi guztiek dugu aurkezteko eskubidea, eta herritar guztiek dute nahi duten alderdia aukeratzeko eskubidea. Batasunak jakin behar du Partiduen Legea ez zuela Lehendakariak egin, ez zuela hirukoak egin. Ez zait zuzena iruditzen erantzukizuna errurik ez duenari botatzea. Gainera, ez dut uste bi asteko gorabehera honek inora garamatzanik. Lehendakariak nahi dituenean dei ditzake hauteskundeak, legeak ezartzen dituen epeak errespetatuz, eta hori da egin duena".
Mikel Arana bat etorri da Olano eta Lasarekin. "Hilabete bat gora, hilabete bat behera, egoera ez da aldatuko. Hauteskundeak aurreratu izanari Batasunak eman dion garrantzia argudio ahula dela iruditzen zait. Batasunak aurkezteko aukera izan beharko luke, baina errua eta ardura hirukoari botatzea botatzea ez du zentzurik. Beste batzuk dira Partiduen Legea egin zutenak, ez hirukoak".
PSE-EEko kide Ramon Etxezarretaren ustez, sinesgarritasun gutxi du hirukoak Batasunaren parte-hartzearen inguruan duen diskurtsoak. "Hauteskundeak Espainiako Kongresuak Ibarretxeren Plana bezala ezagutzen dena atzera bota izanari erantzuteko deitu dira. Batasunaren parte-hartzearen eskubidearen inguruan, hirukoaren diskurtsoaren sinesgarritasuna onartzea kosta egiten zait. Gauza bat esaten dute ahoz, baina esaten dutena gauzatzeko egiten dutena ez datoz bat. Hauteskundeak hiru astez aurreratzean, Ibarretxek berak ematen dio garrantzia hiru aste horiei. Hiru aste denbora gutxi da, baina denbora asko era berean".
Solasaldia
Olano: "Partiduen Legea PPk eta PSOEk adostu zuten, ez hirukoak"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu