Olano Soto del Realen espetxeratu dute bart

2006ko martxoaren 16a
20:25
Entzun
Fiskaltzak haren kontrako neurririk ez eskatu arren, herri akusazioen galdea aintzat hartuta Juan Mari Olano Askatasunako buruzagia baldintza gabe espetxeratzeko agindu du bart Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Martxoren 9ko greba eta mobilizazio eguneko "108 delitu ekintzen" eragile izatea egotzita erabaki du neurri hori, eta Soto del Realen kartzelatu dute.

Olanok 17:30etan zuen hitzorduan, baina 19:00ak arte ez zen hasi auzi-saioa. Jone Goirizelaia, Arantza Zulueta eta Kepa Landa izan zituen abokatu deklarazioan, eta epaileak zein akusazioek egindako galderei erantzuteari uko egin zion. Guztira 21 galdera egin zizkioten Olanori, eta horietako gehienek Amnistiaren Aldeko Batzordeen jardunarekin zuten zerikusia. Grebaren inguruko galderak, ordea, gutxi izan ziren.

Fiskaltzak ez zuen eskatu Olanoren aurka inolako neurririk hartzeko; bai, ordea, AVT eta Dignidad y Justicia taldeek osatzen duten herri akusazioek: baldintzagabeko espetxeratzea eskatu zuten. Azkenean, herri akusazioen eskaera hartu zuen aintzat Grande Marlaskak, eta Olano espetxeratzeko agindu du bart.

Besteen txanda

Gaur goizean, berriz, Rafa Diez LABeko idazkari nagusia, Pernando Barrena eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko kideak eta Arantza Zulueta dira inputatu gisa deklaratzekoak, gai beragatik. Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea ere auzi honetan deklaratzera deituta dago. Berez, astelehenean zuen hitzordua, baina bronkitisarekin gaixo dagoenez atzeratzen ari da. Grande Marlaskaren aginduz hamabi ordutik behin auzi-mediku batek aztertzen du, eta, gainera, ertzainak ditu etxe atarian "ihes egin ez dezan" zaintzen.

Olanoren espetxeratzea "itxuragabekeria eta zentzugabekeria" dela iritzi dio Aralarrek

Martxoaren 9ko grebarengatik Juan Mari Olano Askatasuneko buruzagia espetxeratu izana "itxuragabekeria eta zentzugabekeria" dela uste du Aralarrek. Alderdi horren arabera, alde batetik bide politikoak erabil ditzala exijitzen zaio Batasunari, baina, bestetik, itxi egiten zaio bide horiek erabiltzeko aukera "baita eskubide zilegizkoenak erabiltzekoa ere, greba kasu".

Olanoren espetxeratzeak eta gainerako inputatuekin gerta daitekeenak konponbide prozesuan izan dezakeen eraginarekin kezkatuta dagoela agertu du Aralarrek. Nolanahi ere, prozesuan zailtasun asko egongo direla nabarmendu du, eta, ondorioz, egoera ikuspuntu orekatu batetik aztertzeko deia egin du.

Ezker Abertzalea legebiltzar taldearen ustez Olano espetxeratzeak "ez du gatazkaren konponbidean laguntzen"

Nekane Eraunskin Ezker Abertzalea legebiltzar taldeko bozeramaileak Juan Mari Olano Askatasunako buruzagiaren atxiloketa "erabaki okerra" izan dela salatu du gaur. Erauskinen ustez, Olano espetxean sartzeak "ez du gatazkaren konponbidean laguntzen".

Erauskinek, Olanoren kartzelaratzea errefusatu du. Hala ere, berretsi duenez, "erabaki hauen gaindi, normalizazio eta bake prozesu bat egongo da, batez ere, euskal gizartearen gehiengoak horrela nahi duelako".

Juan Mari Olano Soto del Realeko (Madril)espetxean sartu zuen bart Fernando Garnde-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Martxoren 9ko greba eta mobilizazio eguneko "108 delitu ekintzen" eragile izatea egotzita kartzelaratu dute Soto del Realen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.