Olanok ez du baztertzen auzitara jotzea Gipuzkoako Aldundiak errauste planta baztertu nahi duela eta

2013ko otsailaren 15a
15:13
Entzun

EAJko Gipuzkoako eledunak "kaosa" sortzea eta "muga guztiak gainditzea" egotzi dio Bilduri, Radio Euskadin emandako elkarrizketan. Europako Inbertsio Bankuak Gipuzkoari "etekin ugari" ekarri dizkiola ere esan du. Aldundiak atzo jakinarazi zuen errauste planta betiko baztertzea proposatuko diola hondakinen partzuergoari. 

Olanok salatu du Gipuzkoako Aldundia "aurre egiten" ari zaiela erakunde guztiei, "baita Gipuzkoako herritarrei ere", eta atez ateko sistema "inposatzen" ari direla kritikatu du. Olanoren arabera, errauste plantaren proiektua desegiteak erantzukizun judizialak izan ditzake; hori dela eta, bide guztiak zabalik utzi ditu: "Ez gara geldirik geratuko".

Olanoren arabera, lurraldeko enpresen egoera "kritikoa" izaten ari da, babesa behar dute, eta aldundiak ez du "aktiboki" ezer egiten: "Gipuzkoa oso indartsua da ekonomikoki, nahiz eta Bilduren gobernuak eskurik ez hartu". Ekonomia arloan agendarik ez izatea "arduragarria" da, Olanoren ustez. "Ezinbestekoa da erakundeen arteko elkarlanari eustea", gaineratu du.

Bazkaria hizpide 

Europako Inbertsio Bankuko ordezkariekin izandako bazkaria dela eta, EAJren eledunak nabarmendu du "ahalegin handia" egin dutela haiekin harreman ona izateko, horrek "etekin ugari" ekarri dituelako Gipuzkoarentzat. Olanok uste du Gipuzkoako Aldundiak hori "zikindu" nahi duela: "Tamalez, ondorioak ekarriko ditu, izen ona galtzea ekarriko du Gipuzkoako erakundeentzat, eta oso zaila izango da horri buelta ematea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.