Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea Telefonican aholkulari ariko dela-eta, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko eledunak "errespetua" adierazi du, baina baita "kezka" ere, erantzukizun politikoak izan dituzten pertsonak enpresa handietara" doazelako. Horrek "ezinegona" sortzen duela uste du, "ez soilik herritarren artean, baita Europako Kontseilua bezalako erakunde batean ere".
Ollok gogorarazi du erakunde horrek txosten bat egin zuela iaz, Espainiako Gobernuari ohartaraziz horrelako praktikek ez dutela "gardentasuna eta klase politikoarekiko konfiantza sustatzen". Horren harira, Europako Batasunak arlo horretan eginiko gomendioak betetzeko neurriak hartzearen alde agertu da.
Enrique Maia Iruñeko alkate ohi eta UPNren udal taldeko buruak, berriz, "onena" opa dio Barcinari "bere ibilbide profesional berrian". Maiak adierazi du ez zuela Barcinaren lan asmoen berri, eta erantsi; "badirudi bateragarria dela" unibertsitateko lanarekin.