Orain arteko saioak

2010eko otsailaren 1a
10:16
Entzun
Abenduak 15.Egunkaria-ren kontrako epaiketaren hasiera, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nagusian. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek deklaratu zuten. Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien ezer galdetu -bere garaian auzia ixteko eskatu zuen-, eta auzipetuek ziurtatu zuten Egunkaria-k ez zuela loturarik izan ETArekin. Babes handia jaso zuten Madrilen ere, Euskal Herriko eragile asko joan baitzen.

Abenduak 16. Epaiketaren bigarren saioa. Guardia zibilek deklaratu zuten; hiruk. Guardia Zibilak itxi zuen Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. Epaiketako bigarren egunean, fiskalak guardia zibilei ere ez zien ezer galdetu, eta horiek ez zuten frogarik aurkeztu.

Urtarrilak 12. Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis, Jose Mari Dorronsoro eta Carmen Gisasola euskal presoek azpimarratu zuten ETAk ez zuela Egunkaria-ren sorreran parte hartu. Guardia zibilek adierazi zuten auziko atxiloketa garaia "normal" joan zela, eta ez zuten kazetaren eta ETAren ustezko loturaz orduan ere frogarik aurkeztu. Presoek eta guardia zibilek lekuko gisa deklaratu zuten, akusazioek eskatuta.

Urtarrilak 25.Egunkaria-ren independentzia eta pluraltasuna defenditu zuten ldefentsaren hiru lekukok: Iñaki Zabaleta Egunkaria Sortzen taldeko partaideak, Imanol Murua Uria kazetako langile ohi eta Egunkaria Sortzeneko kideak, eta Jose Luis Zinkunegi jesuiten buruak. Fernando Berridi defentsaren lekuko eta ABC-ko zuzendari orokorrak ere hitz egin zuen; El Diario Vasco-ko gerentea zela inprenta arloan izan zuen Egunkaria-rekin harremana "normala" izan zela zioen. Txomin Aizpurua ETAko kide ohi eta preso izandakoak adierazi zuen ez duela Egunkaria-ren sorrera garaiko txostenik ezagutzen -akusazioaren lekuko gisa deklaratu zuen-. Bi guardia zibilek ere deklaratu zuten, eta ez zuten frogarik aurkeztu.

Urtarrilak 27. Bukatutzat eman zituzten Egunkaria-ren aurkako epaiketako auzipetuen, bi aldeetako lekukoen eta perituen deklarazioak, eta Miguel Angel Carballo Espainiako fiskalak jakinarazi zuen ez duela Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuen aurkako zigorrik eskatu. Auzibidean kasua artxibatzeko eskaera egin zuen fiskalak, deliturik ikusten ez zuela argudiatuta. Defentsak ere orain ez du zigorrik eskatu. Aldiz, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek bai; lehengo eskaerei eutsi diete -12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak-. Egun hartako saioan bertan, defentsaren lekukoek berretsi zuten Egunkaria-k eta auzipetuek ez zutela ETArekin harremanik. Auzipetuei atzemandako agirien itzulpenetan akats ugari daudela zioten defentsaren perituek. Guardia zibilen perituek ere deklaratu zuten eta, esaterako, esan zuten faltsua zela Egunkaria-ren akziodunen datu basea edota ETAk erabaki zuela Martxelo Otamendi zuzendari izendatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.