Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak uste du Aralarrek duela hamar urte pasa ezker abertzalean "leiho bat ireki" zuela, "haize freskoa sartzeko, baina pena pixka bat ematen du orain bere parlamentarioen lana aztertzean sorrera garaiko akats haietan erortzea". Ortuzarrek iritzi dio ezker abertzaleak "jokabide autoritarioa" zeukala. "Oso zaila zen arnasa hartzea, baita ezker abertzale barruko egituretan ere".
Aintzane Ezenarro Aralarreko eusko legebiltzarkidearen lana goretsi du. "Politikan oso pertsona koherentea da, eta hala izaten jarraituko du". Mikel Basabe, Oxel Erostarbe eta hirurek legealdi honetan "lan asko eta zentzuzko politika" egin dutela dio EAJko buruak, eta "etorkizunik onena" opa die.