AUTOGOBERNUA

Ortuzarren ustez, nahikoa oinarri badago estatus berri bat sortzeko

2015eko irailaren 26a
13:58
Entzun

EAJko EBBko presidente Andoni Ortuzarrek uste du badagoela nahikoa oinarri "EAJk eta [Jaurlaritzako] lehendakariak defendatzen duten estatus politiko berria eraikitzeko". Hori horrela, uste du ez dela beharrezkoa "inolako hausturarik edo berrikuntzarik": "Borondate politikoa badago, euskal herritarrek posizio erosoago batean utziko gaituen salto bat eman daiteke".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "foru nazio" kontzeptua aipatu zuen Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan, eta horri buruz ere hitz egin du Ortuzarrek: "Konstituzioa baino lehen ere euskal herritarrok statu quo bat genuen". Karlistadak baino lehen Euskal Herriak "jatorrizko burujabetza" zuela nabarmendu du.

EH Bilduk ere hizpide izan du kontzeptu hori. Oskar Matute legebiltzarkideak esan du kontzeptuak "gutxi edo batere" ez duela kezkatzen, baina bai, ordea, Jaurlaritzak autogobernuaren arloan jarraitu nahi duen bideak: "Uste dugu bere sakoneko proposamena estatutu berri bat egitea dela, erabilgarriak ez direla erakutsi duten akordio formulak baliatuta".

PSEk, berriz, foru nazioaren kontzeptua "boutade bat" eta "ezer esaten ez duen berritsukeria" dela uste du. Jose Antonio Pastor PSE-EEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak Urkulluri eskatu dio argitu dezala "zer proposatzen duen, zein bide jarraituko duen eta nora iritsi nahi duen".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.