Hizkuntza Gutxituen Ituneko konpromiso gehienak betetzen ari dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. "Hala ere, arazoak antzematen dira, oraindik ere, osasun eta ongizatearen alorrean", onartu du ordea. Justizian ere euskaldunek hutsune handiak dituztela zehaztu du du Europako Batzordeak, atzo zabaldutako Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoen betetze mailari buruzko txostenean. Alde horretatik, hutsuneak antzeman diren eremuetan, justizian eta osasunean, "pixkanaka egoera aldatzen joateko" lan egiteko konpromisoa agertu du Jaurlaritzak.
Europako Batzordeak itunaren betetze mailari buruz egin duen txostena baloratu du Eusko Jaurlaritzak gaur, ohar baten bidez. "Hizkuntza bera partekatzen duten erkidegoen arteko elkarlana arazotsua suertatzen da", Europako adituen batzordeak egin duen txostenaren arabera, "bereziki hezkuntza eta hedabideen alorrean", erantsi du Jaurlaritzak. Elkarlan hori, nolanahi ere, "beharrezkoa" dela ohartarazi du.
Txostenak Espainiako Estatuko administrazioei ere gomendatzen die euskalduntze bidean urratsak egiteko, eta hori ere gogora ekarri du Jaurlaritzak. Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak oharra egin dio Espainiako Gobernuari, legea bete dezan: "Jaurlaritza gainean egongo da hori hala gerta dadin".