SA

Otegik dio gatazka konpontzeko mahaian eseri eta hitz egin egin behar dela

2004ko irailaren 24a
17:55
Entzun
SAko bozeramaile Arnaldo Otegi ados agertu da Lehendakariarekin hau "egoera garrantzitsua" dela esaterakoan, baina, Otegik azpimarratu duenez, egoera honetan egotearen arrazoia ez da 'Ibarretxeren plana'.

Egoera hau "garrantzitsua" izateko hiru arrazoi daudela uste du Otegik: "Egungo estatus politikoak" krisian egotea; aldaketa politikoaren beharra erakusten duen proposamen aniztasuna; eta proposamen horietako gehienetan herri kontsulta beharrezko ikustea.

Hiru faktore horiek egiten dute egoera "garrantzitsua". Horren aurrean bi aukera daude SAren iritzian. "Orain 25 urteko akatsa errepikatu eta gatazka ez gainditzea" dela esan du bat, nahiz eta eskumen gehiago eskuratu; bigarrena, berriz, "akatsak gaindituz gatazka gainditzea" litzatekeela azaldu du. Ezker abertzaleak bigarren aukera horren aldeko apustua egiten duela azpimarratu du Otegik.

Eseri eta hitz egin

Gatazka hori gainditzeko, proposamen "sinple bezain sakona" egin du Otegik. Mahai inguruan eseri, eta denen artean zer egin erabakitzea. Gero etorriko litzateke herriari galdeketa egitea SAko bozeramailearen ustez.

Horregaitik, 'Ibarretxeren plana' kritikatu du, Otegiren ustez Ibarretxek berak esan duelako zer, nola eta non hitz egin eta bozkatu behar den, eta Otegiren iritzian "haserrea, blokeoa eta frakasoa" besterik ez dakartzalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.