Otegik uste du epaia idatzita dagoela eta Auzitegi Nazionalak zigortu egingo duela

2007ko martxoaren 20a
16:20
Entzun
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea kasu beragatik bigarren aldiz epaitzekoak dira. Bihar, Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, ETAko kide Olaia Kastresana zenaren omenaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. Eta Otegik "dudarik ez" dauka auzitegiak zigortu egingo duela eta epaia idatzita dagoela. Hala ere, ez du uste kartzelara sartuko dutenik, "zigor eskaera 15 hilabetekoa izanda, ia ezinezkoa izango delako espetxeratzea". Hala ere, ezin dela fidatu dio, "[Espainiako] Zuzenbide Estatu honetan dena gerta daitekeelako".

Haren ustez, bera epaitzeko eginahal denak egiten ari da auzitegia, fiskalak eta eta defentsak epaiketa atzeratzeko eskatu arren berriro. "Estatuko sektore batzuek elkarrizketa eta negoziazio prozesua blokatu eta hautsi nahi dute".

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak epaiketa atzeratzeko eskatu du bigarren aldiz, Araitz Zubimendiren eta Jon Salaberriaren egoera argitu bitartean. Zubimendi espetxean dago beste auzi batengatik eta Salaberria "errebeldian" deklaratu zuen Auzitegi Nazionaleko 4. Salak joan zen ostiralean.

Hiru horiek EAEko Auzitegi Nagusiak epaitu zituen lehen ere, auzi horrengatik. Salaberria eta Zubimendi absolbitu egin zituzten, eta Otegiri 15 hilabeteko espetxe zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa ezarri zioten. Otegik helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean. Hark helegitea ontzat jo, epaia bertan behera utzi eta epaiketa berriz egiteko agindu zuen. Erabakia hartu zutenean Otegi ez zen legebiltzarkidea, eta ezta foruduna ere (EAEko Auzitegian epaitu zutenean bai), eta auzia "terrorismoarekin" lotutakoa denez, bigarren epaiketa Auzitegi Nazionalean egin behar zela erabaki zuen EAEko Auzitegiak. Erabaki hori berretsi egin zuen Auzitegi Konstituzionalak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.