Otegiren ustez, ezker abertzalea bozetatik kanpo uztea litzateke "erasorik bortitzena"

2007ko martxoaren 30a
13:40
Entzun
Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailea "kezkatuta" azaldu da gaur ASBren erregistroaren ondoren egon diren erreakzioekin. "ezker abertzaleak prozesu demokratikoa abiatzeko pauso baikorrak ematen dituenean, kolpatua izaten delako". Espainiako Estatuak "iraganeko errezetak" erabiltzen ditu, haren irudiko: legez kanporatze nahiak, atxiloketak...

"Legea betetzeko esaten ziguten behin eta berriz, eta ezker abertzaleak legea bete du, Alderdien Legea antidemokratikoa izan arren. Arduraz jokatu dugu prozesuari begira", esan du Otegik. "Eta gure pausoa ez da maniobra bat izan, ez da tranpa bat, ez da mozorroa. Baina orain ASB legez kanpo jartzeko aitzakiak jartzen ari dira. Esaten dute ezker abertzalearen jendea dagoela ASBren atzean. Baina nori eskatu diote ba legea betetzeko? Ezker abertzaleari".

Azkenean ezker abertzaleari hauteskundeetan aurkezten ez badiote uzten, Otegiren ustez hori litzateke "erasorik bortitzena". ETAk atentaturen bat egin al dezakeen galdetu diote Batasuneko buruzagiari eta "atentatu bat" gerta litekeela erantzun du, "euskal herritarren eskubide zibil eta politikoen kontrakoa". Izan ere, hori, "konponbide demokratikorako prozesuari ez esatea litzateke".

EAJ "urduri" ikusten du Batasunak eta "lotsagabeki" jokatzen ari dela iritzi dio. Hala, ELAk atzo EAJri egindako kritikekin bat egiten dutela esan du Otegik, "EAJk negozioa eta gobernuan segitzea besterik ez duelako nahi. Nahi al du prozesurik? Ez, ez du nahi. Izan ere, Iñaki Azkunak esan bezala, udaletxeetan erosoago daude ezker abertzalea gabe".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.