Palmares aparta du Contadorrek

2009ko uztailaren 25a
16:38
Entzun
Alberto Contador espainiarra da (Pinto, Madril), 26 urte dauzka (abenduaren 6an beteko ditu 27), eta bere bigarren Frantziako Tourra irabaziko du bihar.

Iaz Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta eskuratu zituen, 2007an Tourra -iaz ez zioten bere taldeari parte hartzen utzi, dopinagatik-, eta hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izan zen. Aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan zuten balentria.

Denboraldi ona darama 2009an ere: bihar bere bigarren Tourra irabazteaz gain -eta bi etapa-, Algarveko Itzulia eskuratu du, Paris-Nizako bi etapa, Euskal Herriko Itzulia eta bi etapa -iaz ere berak lortu zuen proba- eta Espainiako Txapelketako erlojupekoa.

Afizionatu garaian, 2001ean, Euskal Herrian bizi izan zen, Azpeitian (Gipuzkoa), Iberdrola taldearekin korritzen zuelako. 2003tik da txirrindulari profesionala; ONCE-Eroskirekin egin zuen debuta.

2004an, Liberty Segurosen zegoela, Asturiasko Itzulian parte hartzen ari zela burmuinean kabernoma gaitza eduki zuen, eta urtebeteko osatzea behar izan zuen. 2006an itzuli zen korritzera, talde berarekin, eta bere izena Puerto dopin auzian ageri zen, baina ez inplikatu bezala; auzitegietara lekuko moduan joan zen eta kito. Hala ere, Liberty Seguros 2006ko Frantziako Tourretik kanpo geratu zen. 2007an Discovery Channel taldean aritu zen, eta iaztik Astanan da.

Contador aurten Espainiako Vueltan ere ariko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.