Abuztuan paperik gabeko langile etorkinek gutxienez bi istripu larri izan dituztela agertu du LABek, eta Osalan Lan Segurtasun eta Osasunerako Euskal Institutuak ezkutatu egin dituela.
Horietako lehena abuztuaren 12an gertatu zen. LABen arabera, Gruas Usabiaga enpresa Narbaiza Textil lantegiaren eraikina botatzeko lanetan ari zen, langile gazte batek, Mari Yan Esveeanov Metushev 22 urteko ukrainak istripua izan zuenean. Lekukoek agertu zutenez, 35 bat lagun ari ziren lanean, eta ezbeharra gertatu zenean, furgoneta bat agerrtu eta guztiak eraman zituen, agi denez, haiek ere paperik gabeko langileak zirelako. LABen arabera, langile horrek oso larri jarraitzen du. Hala ere, horren berri jakiteko Osalanekin harremanetan jarri direla azaldu dute sindikatuko iturriek, eta langileak hobera egin duela ziurtatu dietela. Nola dakiten eta zein erietxetan ingresatuta dagoen galdetu dutenean, ordea, ez dakitela erantzun die Osalanek.
Egoera bertsuko beste istripua abuztuaren 19an gertatu bide zen. LABeko iturriek agertu dutenez, Prolem Import Export enpresarentzat Jaizubiako Golfa (Hondarribia, Gipuzkoa) eraikitzeko lanetan ari zen behargin txinatar batek izan zuen istripua. Obratik atera eta errepide bazterrean botata utzi zutela eta ezbeharraren ondorioz tetraplejia duela jakinarazi du sindikatuak.
Kasu bietan gertatutakoa argitzen saiatu direla esan du LABek, baina lan arloko instituzioek oztopoekin eta isiltasunarekin erantzun dietela.
Paperik gabeko bi etorkinek lan istripu larriak izan zituzten abuztuan, LABen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu