Paperik gabeko dozenaka etorkin atxilotu ditu Poliziak Bilbon

Espainiako Poliziak egin zuen operazioa San Frantziskon eta ez da zehaztu atxilotuen kopurua

2004ko apirilaren 1a
17:38
Entzun
Iñigo Bilbao - BILBO

Espainiako Poliziak sarekada egin zuen atzo eguerdian Bilboko San Frantzisko auzoan, bertan paper barik bizi diren etorkinen kontra. Operazioan hainbat herritar atzeman zituzten «asko» izan ziren, lekukoen berbetan, eta atxilotuta eraman zituzten guztiak Indautxuko komisaria nagusira.

Lekukoek Berriari azaldu ziotenez, operazioa 12:00ak aldera hasi zen. Poliziez beterik hainbat furgoneta San Frantziskora heldu ziren, kaleak itxi eta Espainiatik kanpoko etorkinek auzoan dituzten denda, taberna nahiz harategietan sartu ziren bertan zeuden guztiei paperak eskatuz. Ekimen horretan uniformez jantzitako poliziekin batera kalekoz jantzitako beste polizia batzuek ere parte hartu zuten. Horiek guztiak atzerritartasun gaiez arduratzen den talde berezikoak ziren.«Sarekada non sartzen ziren bereizi gabe egin dute. Hemen edo han sartu dira agiriak eskatuz, jarrera nahiko harroputzarekin», zioten auzokoek ordu batzuk arinago ikusitakoaz. Jomuga etorkinen saltokiak izan ziren, batez ere. Hala ere, bizilagunek argi utzi nahi izan zuten Poliziak ez zirela guztietan sartu: «Bere Bar tabernan sartu dira, adibidez, baina albokoan ez; Hernaniko kaleko harakina eurekin eraman dute atxilotuta, baina auzoan dagoen beste harategian ez dira sartu», zehaztu zuten.

Beldurra nabarmendu dute auzokideek

Berriak Khalid El Haddadi Bere Bar tabernako nagusi eta AZRAF Euskadiko Marokoarren Elkarteko kidearekin berba egin zuen jazotakoaren inguruan: «Ni neu ez nengoen auzoan atxiloketak gertatu direnean, baina lankideek esan didatenez gurean ez dute inor atzeman, une horretan zeuden guztiek paperak zituztelako. Jendea beldurtuta dabil», azpimarratu zuen.

Diego Jauregi SOS Arrazakeriako kideak ere «izua» berba erabili zuen auzoko askorengan atzo arratsaldez nagusi zen sentipena azaltzeko. «Dei ugari jaso ditugu dagoeneko egoitzan, etxeko baten bat atzeman dutela-eta, laguntasuna eskatzen», adierazi zuen.Auzotik zehatz-mehatz zenbat herritar eraman ote zituzten ez zekiten eta taldean arduratuta zeuden operazio horrek auzoko etorkinengan izango dituen eraginengatik: «Jendeak beldurtuta deitu digu lagunak, etxekoak, bezeroak... atzeman dituztela esanez. Kopuru zehatzik ez daukagu baina operazioak iraun duen bitartean auzoan zeuden guztiek berdina esan digute: Atxilotutakoak asko izan direla».Bizkaiko Abokatuen Bazkunak badu atzerritarrentzat txandako zerbitzua, astelehenetik ostiralera, baina Jauregik berak nabarmendu zuenez, abokatu bakarra dabil zerbitzu horretan eta «hari deitu badiote ez dakigu zelan moldatuko den horrenbeste jenderi laguntza emateko».

Operazioari buruzko Poliziaren informaziorik ez

Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzatik, bestalde, arratsaldean Poliziaren agiria izango zela iragarri zuten operazioaren berri emateko. Azken orduan, baina, ez zen idatzi horren berririk izan.

Operazioa Espainiako Poliziak egin bazuen ere, bertan izan ziren baita Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat patruila. Lekuko batek Berriari esan zionez, operazioa bitartean ertzainak ikusi zituen «senegaldarren taberna baten barruan». Ertzaintzari esku-hartze horren inguruan galdetuta, eurek ez zutela sarekadan parte hartu azpimarratu zuten.«Ertzainak egunero ibiltzen dira San Frantzisko auzoan, Bilboko beste hainbat auzotan dabiltzan modu berean. Gaur bertan egon izanak ez du esan nahi parte hartu dugunik», adierazi zuten Ertzaintzaren prentsa bulegokoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.