Airearen kutsadura handiaz ari direnean, bi euskaldunak Airearen Kalitatearen Indizeaz ari dira (Air Quality Index). Hari begiratzen diote askok eta askok. Nola osatzen da indize hori? Hainbat iturritako datuak hartuz, eta balioak AEBetako Ingurumen Agentziaren estandarrera pasatuz. Horrela, indizea osatzen da, kutsadura datuak eta haiek osasunerako izan dezaketen arriskua agerraraziz.
Indizea 100dik gorakoa bada, "talde kalteberetako jendeari" —esaterako, arnas aparatuko arazoak dituen jendea— eragin diezaioke osasunean. 150etik gora, edozeinek igar ditzake eraginak, eta eraginak larriagoak dira talde kalteberakoentzako. 150etik gora, "kutsadura maila kaltegarritzat" jotzen da, eta behin 200dik gora, "maila oso kaltegarria" da kutsadurarena, biztanle guztiei eraginez. 300etik gorakoa da azken maila, "larrialdikoa", herritar guztiek jasan ditzaketenean eragin are kaltegarriagoak euren osasunean.
Otsaileko azken astean indizeak goia jo bazuen ere, ez dago oso atzera joan beharrik aireko kutsadura handiko egunak ikusteko, adibidez, Iñaki Antoñanzasen bizitoki den Pekinen. Astearte honetan, esaterako, AQI indizearen arabera, eguerdira arteko ia ordu guztietan egon zen hiria "larrialdiko" kutsadura mailan.
AQI indize hori osatzeko erreferentzia nagusia 2,5 mikroi azpiko diametroko partikulen kontzentrazioa da (PM2,5) —ozonoa, sufre dioxidoa, nitrogeno dioxidoa eta PM10 partikulak dira—. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, neurri horretako partikulen finen kontzentrazioak gehienez 25 mikrogramokoa izan beharko luke metro kuboko. Joan den otsailaren 25ean, Pekinen PM2,5 kontzentrazioa 551 mikrogramora iritsi zen.
Txinako Gobernua 163 hiritako eguneko kutsadura mailaren berri ematen 2013ko urtarrilean hasi zen, eta gutxi gorabehera AQIak ematen dituen antzekoak dira. Dena den, Iñaki Antoñanzasek kontatzen duen moduan, nolabait gobernua behartuta zegoen gardentasun ariketa horretara, AEBek Pekinen duen enbaxada bere neurgailu propioen datuak zabaltzen hasia baitzen. "AEBetako enbaxadaren datua behin 50etik behera zegoela, gobernuak horrela blokeatuta utzi zuen egun askotan. Baina orain, gobernuak kutsaduraren kontra jarduteko erabakia hartu duenez, ez dago horrelako arazorik, eta gobernuaren webgune bat dago hiri askoren datuak ikusteko", azaldu du Fagor Automationeko arduradun Antoñanzasek.