Pello Urzelairen analisia: Bueltarik gabeko norabidea

2010eko irailaren 7a
10:15
Entzun
Pello Urzelai

Aldaketak aldaketa dakar. Guztientzat, lehenago edo berandu. 1998an bezala, ETAk berriro erabili du BBCren bidea erabaki baten berri emateko. 1998an, su-etenaren adierazpenaren aurrerapena eskaini zuen BBCk, eta egun batzuk beranduago, elkarrizketa bat bi ordezkarirekin. Oraingoan, agiriaren irakurraldiaren bideoa eman du, Gara-rekin batera. Oraingoa, berez, ez da su-eten adierazpen bat, baizik eta duela hilabete batzuk eraso ekintza armatuak eteteko hartutako erabakiaren jakinarazpena. Erabaki arranditsurik ez dago, baina aldaketa dakarren aldaketarik bai. Oraingo honetan, ETAren adierazpena alde bakarreko erabakiz eta baldintzarik gabe etorri da. Hitzartutako konpromisorik ez dago aurreko prozesuan bezala, baina egoera berriak gainerako eragileak egokitzera behartuko ditu. Bakoitzak bere alde bakarreko erabakiak hartu beharko ditu, baita Espainiako Gobernuak ere.

Espainiako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako agintariak antzeko mezua aritu dira errepikatzen azkenaldian: su-eten batek ez du balio, armak behin betiko uztea ezinbestekoa da. Berez, ETAren agirian ez da su-eten adierazpenik aipatzen, baina horrela jasoa (hitzez eta garrantziz) izan da hedabide gehienetan. BBCren bidetik etorri izanak lagundu dio lortu duen oihartzuna (eta sinesgarritasuna) lortzen. Ez da harritzekoa Alfredo Perez Rubalcaba eta Patxi Lopez ekimena gutxiesteko saioa egitea, berrarmatzeko arriskua ere aipatuta. Haiek ukatzen dioten sinesgarritasuna eta garrantzia aitortu baititu albisteak izandako oihartzunak. Dena den, joan den igandera arte ETAk atentatu bat egin zezakeela esaten aritu direnek sinesgarritasun handirik ez dute, erasorik ez egiteko erabakia aspaldikoa dela egiaztatu ondoren. Badakite, horrenbestez, lehenago edo beranduago, jarrera aldatu beharrean izango direla. Atxiloketa kopurua nabarmen gutxitu dutenez, beste neurri batzuk ere hartu beharko dituzte.

ETAren ekarpena ez da etorri bakarrik. Egoera jakin batean etorri da, ezker abertzaleak indarkeriarik gabe eta esku-hartzerik gabe eraikitzearen alde egindako apustuaren barruan iritsi da. Horrek ematen dio proiekzio berezia ETAren erabakiari, ezker abertzaleak igandean egindako balorazioan jaso zuenez: «Azken hilabeteotan Ezker Abertzaleko oinarriek era burujabean garaturiko eztabaida eta Zutik Euskal Herria ebazpenean jasotako ezbairik gabeko izaera estrategikoa duten ondorioek, eta ETAren eskutik zehazturiko konpromiso honek, Euskal Herrian fase politiko berri baten abiatzea atzeraezin bihurtzen dute gure iritziz».

Ezker abertzalearen eztabaidaren ondorioek irekitako ildoari jarraikiz etorri zen urtarrileko agiria oinarri sozialaren mintzoa aintzat hartuz. Ondoren, ekintza armatuen geldialdia (orain arte isilean gordea) eta prozesu demokratiko baten beharraren aldeko beste zenbait adierazpen. Puntu honetaraino iritsita, igandeko adierazpenaren ondoren, ezker abertzaleak bueltarik gabeko norabidea hartua duela pentsa daiteke, prozesua luza badaiteke ere.

Izan ere, ezker abertzaleak erakutsi du bururaino iritsi nahi duela, pausoka bada ere, eta haututako bideak duen aldatzeko ahalmenean sinetsita dagoela. Horrela ulertu behar da EArekin batera landutako eta beste zenbait eragileri aurkeztutako Prozesu demokratikoaren garapenerako gutxieneko baldintza nahikoei buruzko akordioa izenburuko dokumentua. Agiri horretan, gutxieneko baldintza horien artean ETAk su-eten iraunkor eta egiaztagarria ematea aurreikusten bada, norabidea argi duelako eta bidea politikoki markatzen ari delako da. Bruselako Adierazpenak marraztutako geltokia oraindik iritsi ez bada ere, pixkanaka ekimen politikoaren nagusitasuna agerian gelditzen ari da, prozesuaren lema haren esku agertzen ari baita.

Epe laburrean gutxieneko baldintza demokratikoen inguruko dokumentu horrek garrantzi berezia hartuko du, eragileen artean gutxieneko horiek guztiak adostea lortzen den neurrian. ETArekin oso kritiko agertu bada ere, eta emandako pausoari sinesgarritasuna aitortzeko urrats gehiago eskatu badu ere, EAJk zeresan handia du ezker abertzaleak eta EAk proposatutako gutxieneko akordioaz.

Gutxieneko demokratikoen inguruan akordio zabala lortzen bada, eragin handia izango du prozesua bera egonkortzen, eta presio handia izango da Espainiako Gobernuarentzat berari dagozkion gutxieneko baldintzak jar ditzan. Ildo horretan, ongi uztartzen da datorren larunbateko Denontzat, eskubide guztiak, Euskal Herria osoan leloko manifestazioa. Eskubide zibil eta politikoetan oinarritutako zoru bat osatu beharra dago, benetako konponbide iraunkorraren eraikina jaso ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.