AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ustez Espainaiko Auzitegi Nazionalak Pernando Barrena ezker abertzaleko kidearen inguruan hartutako azken erabakiak argi utzi du politika egiteagatik zeukatela espetxean. Izan ere, baldintzapean utzi du aske Auzitegi Nazionalak: batetik, 50.000 euroko bermea ordainarazi dio, eta, bestetik, ekimen politikoetan aritzea debekatu diote. AAMren iduriko, gero eta gehiago dira lan politikoa egiteagatik kartzelan dauden euskal herritarrak eta horiek guztiak aske uzteko eskatu du.
Ezohikoak dira Auzitegi Nazionalak Pernando Barrenari aske geratzeko jarri dizkion baldintzak, lan politikoa egitea debekatzen diola esan baitu: «Bere auzipetzea ekarri duten ekitaldi berak edo antzekoak egitea espresuki debekatzen zaio», dio erabakiaren berri emateko atzo kaleratutako autoak; «hau da, bilera, manifestazio edo ekitaldi publikoetan parte hartzea, zein prozedura honetan inputazio kriminala duten talde, koalizio edo alderdi politikoen ezaugarri berak edo kualitatiboki antzekoak dituztenak osatzen aritzea».
Espainiako Auzipetze Kriminalerako Legeak jasotzen duenez, «salbuespeneko» neurria da inor epaitu aurretik kartzelan sartzea. Akusatuak delitu larriak egin dituela pentsatzeko zantzu argiak daudenean bakarrik har daiteke muturreko erabakia, badaezpadako neurri gisa. Akusatuak justiziari ihes ez egitea, delitua egiten jarraitzea saihestea eta ikerketak ez oztopatzeak izan behar du helburu, eta hori lortzeko beste aukerarik ez dagoen kasuetan soilik agin daiteke kartzela.
Badaezpadako espetxealdia bi urtekoa da gehienez legearen arabera. Eta, oso salbuespeneko kasuetan, beste bi urtez luzatzeko aukera ematen du. Hori du bere azken muga. Epaiketarik gabe, lau urtean eduki daiteke preso akusatu bat.
Epaiketa aurretiko zigorra
«Batasunaren Mahai Nazional berria» sortzea leporatuta atxilotu zuten Pernando Barrena, eta hori oso akusazio larria dela dio Auzitegi Nazionalak. ETAko kide izatea egotzi diote lan politikoa egiteagatik. Baina, aldi berean, badaezpadako espetxealdia ezin dela epaiketa egin aurretik ezarritako zigorra izan ohartarazi du Auzitegi Nazionalak, Auzitegi Konstituzionalaren eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren jurisprudentzia aipatuta. Errugabetasun printzipioa errespetatu behar dela dio.
Barrenaren kasuan, ihes egiteko arriskua baztertu egin behar dela iruditu zaio Angel Luis Hurtado buru duen epaimahaiari. Kalean zegoenean auzitegiak ezarritako baldintzak bete zituela gogorarazi du, beste auzi batean 200.000 euroko bermea ordaindua duela eta, auziaren instrukzio fasea amaitua dagoenez, ikerketa oztopatzeko arriskurik ez dagoela.
Gauzak horrela, badaezpadako neurria «gehiegizkoa eta desproportzionatua» izan ez dadin, espetxearen ordez beste neurri batzuk ezartzea erabaki du. Barrenari egozten zaiona «ekitaldi publikoetan eta ekinbide politikoetan» aritu izana dela gogorarazi du. Ekitaldi horiek legez kanporatutako erakunde politikoenak izan direla eta, beraz, «sistema konstituzionalak alderdi politikoen bidez parte-hartze politikorako ezartzen dituen bideak gehiegikeriaz eta legez kanpo» erabili dituela. Hori «modu kriminalean» egin duela dio, gainera, eta ETAren «helburuak» betetzera zuzendua izan dela adierazi. Horrela argudiatu du Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor Salak Barrenari politikan aritzeko debekua. Eta, baldintza bete ezean, berriz ere espetxeratu dezaketela ohartarazi du.
Horrez gain, 50.000 euroko bermea jarri dio kartzelatik ateratzeko, epaiketara aurkeztuko dela ziurtatzeko neurri gisa.
Beste zortzien erabakirik ez
Urtarrilaren 21ean egin zuten behin-behineko kartzela luzatzeko eskaerari buruzko auzi saioa Espainiako Auzitegi Nazionalean. Egun berean aztertu ziren duela bi urteko otsailean akusazio berarekin atxilotutako beste zortzi lagunen kasuak ere. Guztiak espetxean mantentzeko eskatu zuen fiskalak, eta guztiak askatzeko defentsak. Datozen egunotan espero dira beste hauen egoerei buruzko erabakiak: Karmelo Landa, Eusebio Lasa, Mikel Etxaburu, Joseba Zinkunegi, Nuria Alzugarai, Mikel Garaiondo, Jose Manuel Jurado eta Aitor Aranzabal.
Epe kontua da Barrenari buruzko erabakiaren berri eman izanaren arrazoia. Izan ere, gaur betetzen dira bi urte hura atxilotu zutela, eta, legez, espetxealdiaren luzamenduari buruzko erabakia bi urteko epea amaitu aurretik eman behar dute epaileek. Azken egunean egin dute, beraz. Gainontzeko zortzi presoak 2008ko otsailaren 8an eta 10ean atxilotu zituzten, eta, beraz, astelehena eta asteazkena aurretik hartu behar dira horiek askatu edo espetxean mantentzeko erabakiak.
Pernando Barrenari jarritako debekuak argi erakusten du jardun politikoagatik zigortu zutela, AAMren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu