Polizia operazio handia asteartean, Garzonek aginduta

2003ko azaroaren 21a
15:24
Entzun
Polizia operazio handia asteartean, Garzonek aginduta

12 LAGUN ATXILOTU DITUZTE, GARZON EPAILEAREN AGINDUZ

Espainiako Poliziak atzo gauerdian hasi zuen operazioa, eta atxiloketak Gipuzkoan, Nafarroan eta Sevillan egin zituzten

Espainiako Poliziak hamabi lagun atxilotu zituen atzo, goizaldean hasi eta arratsaldera bitartean, Gipuzkoan, Nafarroan eta Sevillan ®¢Soraluzeko Regina Maiztegi atxilotu zuten han®¢. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzio 5. Epaitegiko Baltasar Garzon epaileak aginduta egin zuen Espainiako Poliziak operazioa. Espainiako Barne ministro Angel Acebesen arabera, atxilotuek ETAren «oinarrizko egitura» osatzen zuten.

Hamabi atxilotuak, 23 eta 34 urte artekoak guztiak, honako hauek dira: Oiartzungo Gaizka Garcia ®¢Deban atxilotu zuten®¢, Enekoitz Oiartzabal, David Brum eta Zuhaitz Izagirre; Arrasateko Saioa Azua eta Gaizka Azkarate; Andoaingo Ruben Gelbenzu; Villabonako Eneko Gorostidi; Lasarteko Xabier Otaegi; Soraluzeko Regina Maiztegi ®¢Sevillan atxilotua®¢; eta Iruñeko Ikerne Indakoetxea eta Goizeder Anton. Atzoko polizia operazioari buruz azalpenak ematean, Acebesek zera esan zuen, «atxilotu guztiek funtzio bat zuten ETAren oinarrizko egituran», eta eurak zirela ETAk «Espainiako egitura berritzeko izendatutakoak». «ETAko kide izango ziren lagun berriak lortzea, jomuga izan zitezkeenei buruzko informazioa jasotzea, egitura logistikoa osatzea eta, batzuek baita komando berriak osatzea ere». Horiek dira, Acebesek esan zuenez, atxilotuek ustez betetzen zituzten funtzioak, nahiz eta gero onartu egin zuen oraindik ez zirela ustezko komando horietan sartu. Izan ere, Acebesek esan zuen Espainiako Poliziak «balizko komandoak izango zirenak desegitea lortu» zuela. Espainiako Gobernuak emandako bertsioaren arabera, 2001ean eta 2002an «Espainiako segurtasun indarrek ETAri emandako kolpeen ondorioz», erakunde armatuak «Espainian, batez ere EAEn eta Nafarroan, zuen azpiegitura berritzeari ekin zion», eta atzo atxilotutakoak helburu horrekin ari ziren.

«Legez kanpoko alderdietako kideak»

Barne Ministerioak urriaren 8an atxilotutako 34 lagunekin ®¢14 aske irten ziren®¢ lotzen ditu atzoko atxilotuak; eta baita aurtengo otsailean eta apirilean egindako beste bi operaziotako atxilotuekin ere. Acebesen arabera, 2002ko abenduan Frantziako Poliziak atxilotutako Ibon Fernandez Iradiri «atzemandako informazioari esker» egin dituzte atxiloketa horiek guztiak.

Atxilotuak «ETAko kide» direla baieztatzeko argudio gisa, Acebesek esan zuen atxilotu batzuk «legez kanporatutako alderdietako zerrendekin zerikusia» dutela; eta horietako bi, gainera, «Batasuna-EHren zerrendetan» aurkeztu zirela. Hala, atxilotuen «aurrekariak eta jatorria ikusita», Acebesek adierazi zuen argi dagoela «ETAren militantzia berria legez kanporatutako erakundeetatik etorritakoa» dela. Espainiako Justizia ministroak ETA «itotzen» ari direla adierazi zuen, eta «legearen bidez, nazioarteko lankidetzarekin eta segurtasun indarren eraginkortasunarekin» ETA amaitzea lortuko dutela. Ildo horretan, PSE-EEk, UAk, UPNk eta Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Espainiako Polizia zoriondu zuten atzoko operazioagatik.

Askatasuna kezkaturik atxilotuengatik

Askatasuna kezkaturik da atzoko atxilotuek jasan dezaketen tratu txarragatik, eta gogorarazi du iaz 29 euskal herritarrek jarri zutela salaketa «Poliziaren esku jasandako torturengatik». Era berean, jakinarazi zuen, atxilotuen gurasoek habeas corpus-a eskatuko dutela, inkomunikazioa bertan behera utzi eta lehenbailehen epailearen aurrera eraman ditzaten. Hain zuzen ere, iragan urrian egindako polizia operazioan ere egon ziren hainbat tortura salaketa Espainiako Poliziaren kontra.

Askatasunak atzoko atxiloketak eta Fernandez Iradiren paperen aitzakian egindako beste hirurak «muntaiatzat» jo zituen. Xabier Otaegi atxilotuak lan egiten duen Oñatiko Zuazola Larraña Institutuko ikasle, irakasle eta langileak ere kezkaturik agertu ziren, atzo igorritako prentsa ohar batean; eta atxilotuak aske uzteko eskatu zuten.Gipuzkoako Aralarrek ere agertu du kezka atxilotuek izan dezaketen tratuagatik; eta kontrakoa frogatu arte errugabeak direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.