Urtarrilaren 6an Mattin Sarasolarekin batera atxilotu zuen Igor Portu Guardia Zibilak. Hurrengo eguneko goizaldean Donostia Erietxera eraman zuten Portu, artean inkomunikatuta. Hautsi zioten saihets batek zuloa egin zion birikan, eta larri zegoen. Gorputz osoan kolpeak jaso zituen zantzuak ere nabarmenak ziren, handituta eta ubelduraz betea zegoelako. Zantzu horiek ikusita, eta Porturen testigantza jasota zortzi guardia zibil inputatzea erabaki zuen Donostiako instrukzio epaileak. Hain justu, Porturen atxiloketan parte hartu zuten bi, hura Intxaurrondora eraman zuen bat, kuartelean harekin egon zen beste bat, eta erietxean aurreneko gaua berarekin pasatu zuten lau guardia zibilak dira gaur deklaratzen.
Beraien nortasuna publiko egin gabe, eta aurpegia erakutsi gabe, babestutako lekuko gisa deklaratu nahi dute inputatuek. Haien abokatuak dio polizientzat «arrisku larria» dela nortasuna publiko egitea. Hori argudiatzeko bere tesia zera da: Porturen testigantza gezurra dela; ustezko etakide guztiek salatzen dituztela torturak, erakunde armatuak hala agintzen dielako; eta gainera, helburu bakarra guardia zibil horien nortasuna publiko egitea dela. Guardia zibilen abokatuak Torturaren Aurkako Taldearen (TAT) kontra egiten du gainera bere argudioetan, TATek 2003an kaleratu zuen txosten bateko edukiaren zati bat erakutsiz, eta beste bat ezkutatuz.
Ustez polizia operazio batean atzemandako torturak salatzeari buruz eskuliburua zabaltzea egotzi dio guardia zibilen defentsak TATi, hain zuen, 2003ko tortura kasuak biltzen dituen txostenean. Porturen etxeko miaketan TATen txostena atzeman zutela dio guardia zibilen defentsak, eta Portuk horregatik salatu zituela torturak. Agiri horren sinesgarritasuna zalantzan jartzea zen TATen helburua, eta horretarako argudioak ere eman zituen. Agiri horren fotokopia eman dio defentsak epaileari. TATen argudioen zatia ez.
Lekuko gisa deklaratzea eskatuz egindako lehen eskariari ezetz esan dio epaileak. Beraz, erreforma helegitea jarri du guardia zibilen defentsak, eta han, TATi leporatu dio prentsara datuak filtratzea. Hain justu, guardia zibilek deklaratuko duten eguna eta ordua filtratzea egotzi dio. Beraz, defentsaren arabera, poliziak babestu ezean, haien nortasunak publiko egingo lirateke, «arrisku larria» sortuz.
Bertsio ofiziala
Porturi Donostia erietxean egin zioten mediku txostenak jasotzen dituen lesioen jatorriaren inguruan Espainiako Barne Ministerioak emandako azalpena indarra galtzen joan da. Mediku txostena publiko egin zenean Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak erabat aldatu zuen bezperan zabaldu zuten bertsioa. Espainiako berri agentziek zabaldu zuten berria atxiloketen egunean. «Terrorismoaren kontrako borrokako» iturriak aipatuz zabaldu zuten atxiloketak Guardia Zibilaren «kontrol batean» izan zirela, «eguerdi aldean». Atxiloketa unean indarkeria erabili izanaz inolako aipamenik ez zuten egin. Atxilotuei pistola bana atzeman zietela ere esan zuten.
Porturen lesioen polizia txostena agertu zenean, ordea, bestelako azalpenak eman zituen Rubalcabak. Lesioak atxiloketaren unekoak zirela esan zuen. Guardia Zibilek kontrol batean gelditu zituztela, eta identifikatzeko eskatu zietela. Arazorik gabe identifikatu zirela azaldu zuen Barne ministroak, baina motxilak erakusteko esan zietenean ihesari ekin ziotela. Orduan, guardia zibilek indarra erabili behar izan zutela.
Egun batzuk geroago, atxiloketa bertatik bertara ikusi zuen lekuko batek Bergarako epaitegian deklaratu zuen bi lesakarrek ez zutela iheserako ahaleginik egin, eta poliziek ez zutela indarkeria erabili. Kontrolik ez zegoela. Gainera, Portuk auzi medikuari emandako testigantzan dio, autoan, erreka ertzean, mendian eta ziegan torturatu zutela. Sarasolaren testigantzaren arabera ere, atxiloketa unea indarkeriarik gabea izan zen.
Iturri judizialen arabera, zortzi guardia zibilak aldendu egingo dira gaur atxiloketei buruz hasieran zabalduko bertsiotik eta hurbildu egingo dira Rubalcabak hurrengo egunean emandakora.
Porturi saihets batek zuloa egin zion birikan, kolpeak jaso zituen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu