Posta bidezko botoak zenbatzea falta zen Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan, eta horiek ez dute aldaketarik eragin parlamentarien banaketan. Zalantza zegoen ea boto horri esker Junts Pel Si-k 63. ordezkaria lortuko ote zuen, baina ez da hala izan. PPk galduko zukeen eserleku hori.
62 ordezkarirekin geratzeak CUPekin negoziatzera behartzen du Junts Pel Si. Izan ere, 63 ordezkari dituzte guztira Ciutadans, PSC, PP eta Catalunya Si Que Es Pot-ek. Posta bidezko botoak azken ordezkaria aldatu izan balu, Junts Pel Si-k ez zukeen CUPen hamar diputatuen beharrik izango, gainerako indar politikoek ez zuketeelako indar subiranista nagusiaren ordezkari kopurua.
ICVko subiranisten eskaria
Hauteskundeetara Catalunya Si Que Es Pot koalizioaren barnean aurkeztu zen ICV-EUiA. Alderdi horretako subiranista talde batek osatutako Independentziaren Aldeko Ezkerreko Akordioaren Elkarteak koalizioari eskatu dio Junts Pel Si eta CUPekin lan egin dezala itun sozial eta nazional baten alde. Horretarako, beharrezkotzat jo dute koalizioak "bere alde katalanista" berreskuratzea eta Junts Pel Si-k "ezkerreko politikak lehenestea".
Gainera, gogorarazi dute Kataluniako Parlamentuaren %60 inguruk prozesu eratzaile bat babesten dutela "burujabetza maila handiena" lortzeko, eta nahi horrek Espainiako Estatuaren "gutxiespenarekin" egiten duela talka.