PP Alderdi Popularreko Arabako zerrendaburu Iñaki Oiartzabalek gaur goizean ohartarazi du UPyDri botoa emateak Ibarretxeri egiten diola mesede. Rosa Diez PSE-EEko kide ohia buru duen Aurrerapena eta Demokraziarako Batasunari (UPyD) bozkatu beharrean, "botoak PPn kontzentratzea" galdegin die herritarrei Oiartzabalek, Gasteizen egindako ekitaldian.
Arabako PPko presidente Alfonso Alonso (Gasteizko alkate ohia) izan du alboan Oiartzabalek, eta "askatasuna eta ETAri irabazteko" eskatu du PPrako botoa. Boto horrek, bere iritzian, "krisi ekonomikoa gainditzeko" balioko du, "inolako aukerarik ez dutenei botoa emateak EAJren hautagaiari, Juan Jose Ibarretxeri, mesede egingo baitio", esan du, UPyDk eskaintzen duena PPk "hobeto" defendatzen duela argudiatuta.
PPko hautagaiak azaldu duenez, orain arte kanpainan nabarmen daitekeen gauzetako bat EAJren "tonu laua" izan da: "Ibarretxeren haustura planak eta politika erradikalak baztertzen saiatzen ari da EAJ".
Gainera, Ibarretxeri leporatu dio "orain oroitzea Gasteiz Euskadiko hiriburua dela, hogei urtetan hiriaz eta Arabaz ahaztu egin direnean".
PSE-EEri ere kritikak
PSE-EE ez da Oiartzabalen kritiketatik salbu geratu. Honen esanetan, alderdi sozialista bere Arabako hautagai nagusia, Txarli Prieto, "ezkutatzen" ari da, "jendeari gehien kezkatzen zaion auzitik ihes egin nahian: krisitik".
Oiartzabalen iduriko, PSE-EEk "konpromisoei izkin" egiten die, hauteskundeen biharamunean "nazionalistekin ituna egin ahal izateko, haien besoetara jauzi egiteko".
Alonsok arabarrei eskatu die ez daitezela "PSE-EEren engainuetan" eror, zeren eta alderdi hori "ahantzarazten" saiatzen ari da "Araban duten ituna, [EAJko] Xabier Agirrerekin; hau diputatu nagusia da, Prietoren oniritziarekin".
Gasteizko alkate ohiak nabarmendu du bere alderdia izango dela Eusko Legebiltzarreko "indar erabakigarria" martxoaren 1eko hauteskundeen ondoren, "gehiengoak kendu eta jartzen ditugulako".
PPko Oiartzabalek dio UPyDri botoa emateak Ibarretxeri egiten diola mesede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu