«Praktikak erakusten du asko minilan batetik bestera pasatzen direla»

2013ko irailaren 21a
18:02
Entzun

Bundestagean lan baldintzen egoera aztertzeko komisioetan aholkulari independente bezala parte hartu ohi du Anke Hasselek (Altenkirchen, 1965). Merkatuko maila apalenean daudenak gorantz egin dezaten neurriak ezartzeko borondate urria nabari die alderdi politikoei. Herrialdearen ahalmen eta arrakasta ekonomikoa, neurri batean, kostu oso baxuak dituen lanpostu multzo handi bat edukita mantentzen direla uste du.

Kanpainako eztabaida nagusia gutxieneko soldata nazional baten beharra izan da. Onartuko balitz, zein efektu izan lezake?

Nola ezartzen den ikusi beharko litzateke. CDUk nahiago du sektore bakoitzak bere soldata minimoak zehaztu ditzan. Lehen ere, patronal ezberdinek eta sindikatuek bazituzten horiek finkatzeko tresnak, baina enpresaburuek ez dute interesik azaldu haiek erabiltzeko. Gobernuak beste behin sektorekako negoziazioa bultzatzen badu, ez dut uste ezertxo ere aldatuko denik. Alternatiba errazena derrigorrezko gutxieneko soldata da, SPDk, Berdeek eta Ezkerreko Alderdiak mahai gainean jarri dutena. Printzipioz, neurri eraginkorra da, egun batetik bestera modu orokorrean ezarri daitekeelako, eta langileei onartu behar ez dutenaren erreferentzia argi bat eskaintzen dielako. Errealitatean izango lukeen eraginarekin ez naiz hain baikorra. Hartu minilalen adibidea. 15 ordugatik 450 euro ordainduta, orduko gutxieneko soldata horren inguruko zerbait jasotzen du langileak. Baina gehienak 15 ordu egin beharrean 20 edo 25 egiten ari dira praktikan, diru gehiago poltsikoratu gabe. Horrek orduko gutxieneko soldata baten ideia galbidean jartzen du.

Europako Batzordeak diru sarrera urriak dituztenek gizarte segurantzagatik ekarpen txikiagoak egitea eskatu dio Alemaniari.

Soldata baxuenek eta askoz diru gehiago egiten dutenek soldataren ehuneko kopuru berbera ordaintzen dute hilero gizarte segurantzagatik, %40 inguru normalean, eta egoera bidegabekoa da. Oso ezberdina da 1.000 euro gordin 600ean geratzea edo 4.000 gordin 2.400ean, bietan kenketaren portzentaia berbera bada ere. Ez dirudi gai honi heltzeko borondate handirik dagoenik.

Minilanekin enpresarioek ez dute gizarte segurantzaren bere zatia ordaindu behar, eta langileek ere askoz zerga gutxiago dituzte. Bientzat tentagarria dirudi…

Hala da. Saltokietan edo hoteletan, esaterako, gaur egun ia ez da minilan motakoa ez den posturik sortzen. Epe motzean, oso kontratu erakargarria da, bai enpresaburuentzat baina baita langileentzat ere. Arazoa da minilanek ez dutela pentsioetarako kotizatzen edo langabezia kobratzeko eskubiderik ematen, eta osasun txartela ere beste moduren batera lortu beharra dago. Hobeto babestutako kontratu bat behar duela konturatzen denean, langileak argi ikusten du jauzia ez dela hain erraza.

Epe motzerako ere ez dira minilanak irtenbide ona?

Gobernuak hala defendatu izan ditu, baina praktikak erakusten du langile asko minilan batetik hurrengo minilanera pasatzen ari direla, zerbait egonkorragoaren bila badabiltza ere. Askok bi minilan batera egiten dituzte, edo modu informalean beste zerbait egiten dute. Hamar urteko esperientziak esaten digu prekarietate dinamika batean kateatuta geratzen direla, Hartz IV izeneko diru laguntzen menpe.

Beharrezkoa al da Alemanian soldaten artean horrelako tartea egotea, herrialdeak duen ahalmen ekonomikoari eusteko?

Gobernuak hala pentsatzen duela dirudi, horrek malgutasun handia ematen diolako lan merkatuari. Lanaldi laburreko kontratuekin, trebakuntza kontratuekin eta minilanekin aukera guztiak dituzte enpresariek. Baina sistema honek hamar urtean bere ahuleziak nahiko argi erakutsi ditu. Beheko koskan geratzen den langileak ez du hurrengora salto egitea lortzen, eta auzo apalenetako gazteek ikasteko motibazioa galtzen dute, inguruan dituzten helduak bizirauteko doi-doi balio dieten lanpostuak dituztela ikusten dutelako.

Lan merkatuan dagoen desoreka hori konpontzeko zein neurri hartu liteke?

Itxurazko gutxieneko soldata orokor bat urrats garrantzitsua litzateke, hasteko. Eta horrez gain sindikatuek bere helburuak aldatu behar dituzte. Alemaniaren produktibitatearen izenean, lanpostuak mantentzea izan da haien lehentasuna, eta soldaten defentsan ez dute nahikoa egin.

Alemanian soldata baxuak dituztenetako asko eta asko emakumeak dira. Gobernuak nahikoa egiten al du berdintasunaren alde?

Ez. Alemania oso kontserbadorea da, eta lehentasuna familiaren alde egitea izan da beti. Emakumeak aldaketak eskatzen ari dira, lan merkatuan jasaten duten diskriminaziogatik, baina CDU banatuta dago. Bada alderdian neurri ausartik proposatu duenik, baina sektore tradizionalak, batez ere CSUk, ez du landu daitezen uzten. SPDk beti ahotan du berdintasuna, baina ez diet irakurri proposamen seriorik.

Espainian gobernuak eta enpresariek Alemaniako minilanak kopiatzeko asmoa azaldu izan dute. Esportatu al daiteke kontratu mota hori beste lan merkatu batetara?

Langabezi tasa altua duen herrialde bati lanpostu berriak sortzeko tresnak ukatzeak ergelkeria dirudi, baina arriskutsua litzateke. Alemaniako lan merkatua konplexua da, lanbide heziketak indar handia dauka, eta langabezia baxua da. Espainian, lanpostuak sortzeko baino prekarietatea zabaltzeko arriskua ikusten dut. Kopiatzen hasita, lanbide heziketa kopiatuko nuke. Hemen enpresekin erlazio oso zuzena dago eta ongi prestatutako langileak sortzen dira, erraz merkaturatzen direnak.

Krisia hasi zenetik Alemaniara gero eta etorkin gehiago iristen ari dira. Bertakoek baino soldata baxuagoak onartzen al dituzte?

Bai. Eraikuntzan, hotel eta tabernetan edo janaria prozesatzen duten lantegietan, adibidez, atzerritar mordoa dabil orain soldata oso baxuekin. Bitarako sistema bat dute enpresa askotan. Diru gehiago egiten duten langile lokalak alde batetik, eta lan 'zikina' egin eta gutxiago kobratzen duten etorkinak bestetik. Inor ez da ari honi kasurik egiten, eta oso arriskutsua iruditzen zait.

Europan langileak aske mugitzen badira eta soldata baxuak onartzeko prest badaude, denborarekin lan baldintzak beheko mailan berdinduko al dira edonon?

Europako Batasunak neurririk hartzen ez badu, eta ez du ematen gai hau agendan dagoenik, mehatxua argia da. Lan bila irteten diren horien baldintzak zaintzeak lehentasuna behar luke Bruselarentzat, kide bakoitzaren lan merkatua kaltetuko ez bada.

AfD alderdi berriak eztabaida piztu du, Kanada edo Australiarena bezalako puntukako bisa sistema bat proposatuta, langile kualifikatuak bakarrik onartuko dituena.

Arazo demografikoa du Alemaniak, eta gizarte segurantza sistema bideragarria izan dadin etorkinak behar ditu. Herrialde hau ez da erakargarria kanpotarrentzat, lanpostu on bat lortzeko beharrezkoa den hizkuntza zaila delako eta gizartean integratzea erraza ez delako. Gobernuaren kezkak lanerako prest dauden etorkin gehiago nola erakarri izan beharko luke, trabak jartzea baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.