Torturen aurkako protokoloa ezarri arren, tratu txarrak salatu dituzte Urko Izagirrek eta Enrique Noyak. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, bi atxilotuek salatu dute ariketa fisikoak eginarazi dizkietela Espainiako poliziek, eta mehatxatu egin dituztela inkomunikatuta izan dituzten aldian. Epaileak atzo agindu zuen Izagirre espetxeratzeko; Noya, berriz, aske utzi du, bi astean behin auzitegira joateko eta Espainiako Estatutik ez ateratzeko baldintzapean.
Bi atxilotuek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epailearen aurran salatu dituzte tratu txarrak. Izagirrek epaileari adierazi dio kolpeak eman dizkiotela, kaputxa bat jarrita eduki dutela, esku-burdinak estututa izan dutela, mehatxatu egin dutela eta ariketa fisikoak eginarazi dizkiotela. Noyak ere salatu du ariketa fisikoak eginarazi dizkiotela eta mehatxu egin diotela. Horrez gain, Noyak epaileari jakinarazi dio Madrilerako bidean jipoitu egin zutela poliziek, eta kalabozoan igarotako denbora osoan argia piztuta izan dutela.
Urko Izagirre eta Enrique Noya, Espainiako Poliziak asteartean Getxon eta Bilbon atxilotu zituenak, atzo arratsaldean eraman zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalera, Fernando Andreu atxiloketak agindu zituen epailearen aurrean deklara zezaten. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, bi atxilotuek ukatu egin zituzten akusazio guztiak. Ez dutela ETArekin zerikusirik eta ez diotela erakunde armatuari laguntzarik eman esan zioten epaileari. Hala ere, Izagirre baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak, ETAri laguntza eman izana leporatuta. Soto del Real espetxera eraman zuten atzo iluntzean. Noya askatzeko agindu zuen Andreuk, epaitegira sinatzera joateko baldintzarekin.
Atxilotu zituztenetik inkomunikatuta eduki dituzte bi bizkaitarrak. Inkomunikazioak tortura arriskua dakarrela eta azken asteotan atxilotu eta inkomunikatu dituzten guztiek tortura gogorrak salatu dituztela ohartarazita, torturak saihesteko neurriak har zitzala eskatu zioten bi atxilotuen abokatuek Andreu epaileari. Epaileak onartu egin zuen Garzon epaileak erabili izan duen protokoloa ezartzea. Hala ere, protokolo horrek ez zuela tratu egokia bermatzen ohartarazi zuen AAMk. Torturak benetan saihesteko neurria inkomunikazioa ezabatzea eta atxilotuak epailearen aurrera berehala eramatea zela adierazi zuen.
Protokoloa ezarri arren tratu txarra jaso dutela salatu dute azken atxilotuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu