Alderdien mahaia eratu gabe egotea eta Batasunak ilegalizatuta jarraitzea aipatu ditu zailtasun horien artean. Ustez ETAk Frantzian egindako arma lapurreta eta 'herriko tabernen' kontrako operazioa besteen jarrera politikoak higatzeko erabiltzearen aurka agertu da.
Batasunak beste hainbatetan esan duen bezala, konponbide prozesua ez doala behar bezala azpimarratu du Arnaldo Otegi indar politiko horretako buruzagiak, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Une honetan prozesu horrek zailtasun objektiboak" dituela agertu du, eta alderdien mahaia eratu gabe egotea eta Batasunak legez kanpo jarraitzea jarri ditu horren adibide.
Nolanahi ere, azkenaldiko zenbait gertakari jarrera politikoen aurka egiteko erabiltzearen kontra agertu da; hau da, ustez ETAk egindako lapurreta ezker abertzalearen aurka politikoki erabiltzea kritikatu du. Gainera, gai horri dagokionez, arma ebasketa erakunde horrek egin duen oraindik argitzeke dagoela oroitarazi du. Nolanahi ere, erabilera politikoa gaitzetsi du: "Halako gertakariek balio beharko lukete egungo momentuari buruzko irakurketa sakon eta lasaia egiteko. Kontua ez da gertakari horien harira ezker abertzalea higatzea. Gure ikuspuntutik, termino politikoetan eta prozesua aintzat hartuta, gure egitekoa ez da Guardia Zibilak herriko tabernei eraso egin izana PSOEren jarrera politikoak higatzeko erabiltzea", adierazi du.
Ustez ETAk egindako lapurretaren harira, prozesua eteteko mehatxua egin du PSOEk. Ohar hori sozialistek beren militantzia asetzeko zabaldutako mezua dela iritzi dio Batasuneko buruzagiak.
Prozesuan, egun, "zailtasun objektiboak" daudela esan du Otegik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu