Prozesuari bultzada emateko larunbateko autodeterminazioaren aldeko manifestazioan parte hartzera deitu dute

2006ko azaroaren 9a
16:53
Entzun
Euskal Herrian autodeterminazioa lelopean Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da manifestazioa 17:00etan. Ezker abertzaleak egin zuen manifestazio nazionalerako deialdia eta gaur Joxe Abaurrea eta Amparo Lasherasek deia zabaldu diote "prozesuaren alde, konponbidearen alde, Euskal Herriaren alde lan egiteko prest dagoen" herritar orori.

Joxe Abaurrea eta Amparo Lasherasek adierazi dutenez, "gatazkaren konponbiderako prozesua egoera larrian aurkitzen da". Nabarmendu dute oraindik ez dela eztabaida politikorako mahaia edo alderdien mahai delakoa martxan jarri. Aldiz, "errepresioa erabatekoa da, batik bat, ezker abertzalearen aurka", gaineratu dute.

Prozesuaren aurkako gertakari horiek errealitate bat erakusten dutela iritzi dio ezker abertzaleak: "Zapatero eta PSOE jarrera inmobilista batean daudela, eta ez dutela behatz bat ere mugitu prozesuak aurrera egin dezan".

Larunbatean Bilbon egingo den manifestazioak egoera "larri" horren aurrean erantzutea du helburu Abaurreak eta Lasherasek azaldu dutenez. Bereziki hiru ideia nagusi zabaldu nahi dituzte larunbatean Bizkaiko hiriburuko kaleak betez:

1.- Prozesuak bultzada sendoa behar duela. "Prozesua aurrera eraman nahi bada, gatazkaren erroetara jo eta korapiloak askatu behar dira behin betikoz; autodeterminazioa eta lurraldetasuna."

2.- Madrilen eta Parisen eraso gehiago ez direla onartuko. "Erasoak eta prozesua bateraezinak direlako, erasoekin prozesuak ezin du aurrera egin eta, beraz, eraso guztiak baztertzea funtsezkoa da."

3.- Herritarrek ezin dutela begira geratu. "Prozesuaren alde mobilizatzea, herri honetan zabaildurik dagoen aukera bultzatzea da eta horretarako deia egingo dugu."

Amaitze aldera, ezker abertzaleak abian jarri duen Euskal Herriak autoderterminazioa dinamikan parte hartzeko dei berezi luzatu dute. MAnifestazioa urrats handia izan dadin nahi dutelako. Pozik agertu dira dinamikaren baitan ematen ari diren urratsekin eta bereziki ikusten ari diren "prozesuaren aldeko bultzadarekin". Hala ere, nabarmendu dute ezin dela "prozesuaren etorkizuna Zapateroren esku utzi". Euskal Herriak eta herritarrek izan behar dute ezker abertzalearen ustez "protagonista nagusiak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.