Aitor Esteban eta Pedro Azpiazu EAJren Kongresuko bozeramaileak eta Joseba Aurrrekoetxea eta Iñaki Goikoetxea EBBko kideak PSOErekin bilduko dira bihar Madrilen, Kongresuan bertan, 17:00etan. Sozialistek gobernua osatzeko negoziaketetarako alderdiei bidaliko dokumentuaz euren ekarpenak egingo dituzte jeltzaleek, eta "euskal agenda biltzen duen" gidoia emango diete haiei.
Lehengo larunbatean elkartu ziren jeltzaileak PSOErekin, eta bileraren aurretik azaldu zuten "marra gorririk gabe" joango zirela bilera hartara, baina "txeke zuririk gabe".
Barrena: "PSOEren proposamenak huts egiten du errealitate nazionalen inguruan"
Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak Radio Euskadin eskainitako elkarrizketa batean ohartarazi du Pedro Sanchezen PSOEk gobernua osatzeko negoziaketetarako osatutako dokumentua "iruzur berri bat" izan daitekeela. Haren ustez, Espainiaren baitako errealitate nazionalak enkajatzeko orduan "huts egin du nabarmen" sozialisten proposamenak, eta dokumentuan "gutxi" hitz egiten den "konstituzioaren erreforma ebentual" baten menpe utzi dute.
Barrenaren ustez, "iruzurra" izateaz gain, "baloiari kolpea eman" eta "zer egin aurrerago hitz egiteko" modua izan daiteke. "Pobrea" eta "salomonikoa" dela ere esan du, "alde guztiak kontentu uzteko" prestatua. Barrenaren ustez, baina, horrek ez du luzerako balio, eta hark lau kontzepturen alde egin du: "Euskal errealitatearen aitortza eta horrekiko errespetua, euskal jendarteak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea, gatazkari irtenbidea ematea eta erreskate soziala".