PSOErekin oinarrizko akordioa lortu du EAJk, eta ez die betorik jarriko Espainiako aurrekontuei

2008ko urriaren 18a
15:29
Entzun
Madrilen bi bulego, bi irudi. Bata, Espainiako Kongresuan. Bertan, Pedro Azpiazu EAJko diputatua, bakarrik, Espainiako Gobernuaren aurrekontuen kontrako osoko zuzenketa eskuetan duela. Bestean, Josu Erkoreka jeltzaleen talde parlamentarioaren burua eta Jose Antonio Alonso eta Ramon Jauregi sozialisten negoziazio taldeko buruak negoziatzen, buru-belarri. 14:00ak dira, osoko zuzenketak aurkezteko epea ordu horretan amaituko da. Akordiorik ez dago.

14:15ean, bulegoa utzi du Azpiazuk. Telefonotik deitu diote, osoko zuzenketa ez jartzeko agindu diote. Negoziazioak luzatu egingo dira. Ostegunean bozkatuko dituzte Espainiako Gobernuaren aurrekontuak, Kongresuan. EAJren sei bozek airean jarraitzen dute, baina sozialistek gero eta hurbilago ikusten dute jeltzaleen babesa. EAJren eta BNGren botoekin zortzi boto gehiago eskuratuko lituzke Espainiako Gobernuak. Horiekin aurrekontuak aurrera aterako lituzke, guztira aldeko 177 botorekin. Gainontzeko alderdiek osoko zuzenketa aurkeztu dute. Beraz, pentsatzekoa da Espainiako Gobernuaren aurrekontuen aurkako boza emango dutela.

Espainiako Estatuko aurrekontuen inguruan PSOE eta EAJ izaten ari diren lehiaren azken atala ikusi ahal izan zen atzo. Bi aldeak beren asmoetan hurbildu ezean osoko zuzenketa jarriko zuela ohartarazi zion herenegun EAJk PSOEri. Atzo goizean mezu bera errepikatu zuen Azpiazuk ETBn eginiko elkarrizketa batean. Atzera bota dute hasierako asmoa, ez dute osoko zuzenketarik jarriko, baina aurrekontuen aldeko boza emango dutenentz ez dute argitu. «Honek ez du esan nahi akordioa itxi dugunik, negoziatzen jarraituko dugu», adierazi zuen Erkorekak bilera amaitu ostean kazetarien aurrean. «[PSOEren] behin betiko proposamenik ez dago».

Asteburuan negoziatzen jarraituko dute, beraz, Erkorekak jakinarazi duenez. Eta ohar bat igorri die sozialistei: akordiorik ezean Parlamentuko beste talde baten -CIU aipatu du- osoko zuzenketa babestuko dutela, alegia. Erkorekak behin eta berriz esan du Gobernuaren aurrekontuen bozketan sorpresa bat edo beste egon daitekeela, abstentzioen aldetik.

Haatik, sozialistak baikorrago ageri dira eta aurrekontuen aldeko boza ematearen truke jeltzaleek eskatutako Ikerkuntza, Berrikuntza eta Garapena (I+G+b) eskumenaren eskualdatzeari dagokionez «oinarrizko akordioa» erdietsi dutela diote. Jose Antonio Alonso PSOEko bozeramaileak adierazi duenez, EAJrekin lorturiko akordioa «sendoa» eta «bi aldeentzat onuragarria» da; gizarteari «oreka politikoa eta ekonomikoa» emango dizkiola dio. Rodolfo Ares PSE-EEko eledunak ere txalotu egin du akordioa, eta, nabarmendu duenez, haiek «beti» egon dira I+G+b eskumena eskualdatzearen alde kudeaketa «partekatua» bada.

Gernikako Estatutuan eskumen hori jasotzen dela argudiatuz, Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz eskatu dio Espainiako Gobernuari I+G+b eskumena eskualdatzeko. Zientziaren eta Berrikuntzaren Espainiako ministro Cristina Garmendia aldaketa horren aurka agertu izan da orain arte. Baina, aurrekontuak direla eta, Espainiako Gobernuak malguago jokatu behar izan du. Atzo publiko egindako akordioaren arabera, onartu egin du eskumen hori partekatzea, baina ez du argitu eskumenak jasotzen dituen zer arlotan eragingo duen eskualdatze hori. Eta EAJrentzat garrantzizkoena dena, eskualdatze horren finantzaketan Kupoan zer berregokitzapen egin behar den, ez dute oraindik adostu. Egun, %6,24an dago portzentajea, baina, jeltzaleen irudiko, «gehiegizkoa» da kopuru hori.

Beste eskaerari dagokionez, enplegu politika aktiboen eskumenean ez dutela akordiorik erdietsi azaldu dute bi aldeek. Jeltzaleek galdutzat eman dezakete lehia hori, Gobernuak, CCOO eta UGTren presioaz, uste baitu «kutxa bateratua» ukiezina dela.

Bestalde, espetxe politiken eskumena -elkarrizketak hasi baino lehen jeltzaleen aldarrikapenenen artean zegoen- ez dute aipatu ere egin negoziazioetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.