PUNTUKAKO GIDABAIMENA EUSKAL HERRIAN

2006ko uztailaren 1a
11:35
Entzun
HEGO EUSKAL HERRIA

Puntuak

12: Hiru urte baino gehiagoko esperientzia duten gidariek.

8: Hiru urte baino gutxiagoko esperientzia duten gidariek.

8: Puntu guztiak galdu eta gidabaimena berreskuratzen duten gidariek.

Puntuak galtzeko arrazoiak

6 puntu.

-Botatako arnasan litroko 0,50 miligramotik gorako alkohol tasarekin gidatzea. Gidari profesionalen eta hasiberrien kasuan 0,30 miligramotik gorako tasarekin.

-Baimendutako gehienezko abiadura %50ean gainditzea, beti ere gehienezko abiadura orduko 30 kilometroan gainditzen bada.

-Drogakien, psikotropikoen, bizkorgarrien edo antzeko ondorioak dituzten gaien eraginpean gidatzea.

-Alkohola, drogakiak, psikotropikoak, bizkorgarriak edo antzeko gaiak atzemateko derrigorrezko probak egiteari uko egitea.

-Ausarkeriaz gidatzea, kontrako norabidean ibiltzea eta ibilgailuak baimendu gabeko lehiaketetan edo lasterketetan gidatzea.

-Gidari profesionalen kasuan, gidatzen egin dezaketen gehienezko denbora %50ean gainditzea edo ezarritako atseden denbora %50ean gutxitzea.

4 puntu.

-Botatako arnasan litroko 0,25-0,50 miligramo arteko alkohol tasarekin gidatzea. Gidari profesionalen eta hasiberrien kasuan 0,15-0,30 miligramo arteko tasarekin.

-Autobideetan edo autobietan debekatuta dauden ibilgailuak gidatzea.

-Gidaria aintzat hartu gabe -herrietako edo herri arteko autobusetan salbu- baimendutako lekuak baino %50 gehiago beteta dituen ibilgailua gidatzea.

-Ibilgailu bat horretarako baimenik ematen ez duen baimen edo lizentziarekin gidatzea.

-Baimendutako gehienezko abiadura orduko 40 kilometroan gainditzea, beti ere baimendutako gehienezko abiaduraren %50 gainditzen ez bada.

-Errepidera edo ingurura suteak edo istripuak eragin ditzaketen objektuak botatzea.

-Modu arduragabean gidatzeagatik gainontzeko erabiltzaileak arriskuan jartzea.

-Pasatzeko lehentasunak ez errespetatzea, gorri dagoen semaforoa pasatzea eta stop seinaleetan ez gelditzea.

-Aurreratzeko arauak ez betetzeagatik kontrako norabidean doazenak edo txirrindulariak arriskuan jartzea edo trabatzea.

- Autobideetan edo autobietan atzera egitea.

- Aurreratu nahi duen ibilgailuari aurreratzen ez uztea edo aurreratzea oztopatzea.

-Zirkulazioa arautzen duten agenteen aginduak ez errespetatzea.

3 puntu.

-Ezarritako gehienezko abiadurak orduko 30-40 kilometro artean gainditzea.

-Itzulbidea arauak bete gabe egitea.

-Aurrean doan ibilgailuarekiko segurtasun tartea ez errespetatzea.

-Sakelako telefonoa eskuetan erabiliz gidatzea edo entzungailuak jarrita gidatzea.

-Segurtasun uhala, kaskoa edo gainontzeko derrigorrezko segurtasun gailuak jarri gabe gidatzea.

2 puntu.

-Gehienezko abiadura orduko 20-30 kilometro artean gainditzea.

-Bihurguneetan, aldats aldaketetan, tuneletan, behe-igarobideetan, bidegurutzetan edo oinezkoentzako edo zirkulazioarentzat arriskutsuak izan daitezkeen lekuetan geratzea edo aparkatzea.

-Ibilgailua hiriko garraio publikoarentzako diren bideetan geratzea edo aparkatzea.

-Trafiko agenteen zaintza saihesteko gailuak dituzten ibilgailuak gidatzea.

-Behar denean argirik gabe ibiltzea edo argiak arauek agintzen duten moduan ez erabiltzea.

-12 urtetik beherakoek motozikletetan eta ziklomotorretan bidaiari gisa bidaiatzea.

Puntuak lortzeko aukerak.

Arauak hautsi gabe

-Puntu batzuk galdu dituzten gidariek hasierako puntu guztiak berreskuratuko dituzte bi urtean puntuak kentzen dituzten araurik hausten ez badute. Hiru urte beharko dira puntuak galtzea eragin zuen arau-haustea oso larria izan bada.

-Hasieran zortzi puntu dituzten gidariek (hasiberriek eta gidabaimena berreskuratu dutenek) hamabi puntu lortuko dituzte bi urtean puntuak kentzen dituzten araurik hausten ez badute.

-Hamabi puntu dituzten gidariek bi puntu gehiago lortuko dituzte (14) hiru urtean puntuak kentzen dituen zigorrik jasotzen ez badute. Zigorrik jaso gabe beste hiru urte pasatuz gero, puntu bat gehiago lortuko dute eta 15 izango dituzte guztira.

-Puntuak berreskuratzeko: lau puntu berreskuratu ahal izango dira.

-Gidabaimena berreskuratzeko: azterketa gaindituz gero, gidabaimena berreskuratuko da eta zortzi puntu edukiko dira.

IPAR EUSKAL HERRIA

Puntuak.

Hasiberriek: laguntzailearekin ikasi badute, sei puntu, eta bi urtean puntu guztiak (12) eskuratzen dituzte. Laguntzailerik gabe ikasi badute, hiru urte behar dituzte puntu guztiak eskuratzeko.

Gainontzekoek: 12 puntu.

Puntuak galtzeko arrazoiak

6 puntu.

-Gehienezko abiadura orduko 50 kilometroan gainditzea.

-Onartutakoa baino alkohol tasa handiagoarekin gidatzea. Auzitegiek erabakitzen dute gidabaimena zenbat denborarako kendu.

-Drogen eraginpean gidatzea.

-Gidariak akats bera errepikatzea.

4 puntu.

-Semaforoa gorri edo laranja dagoela gainditzea.

-Gehienezko abiadura orduko 40 kilometroan gainditzea.

-Errepidean lehentasuna duenari ukatzea.

-Debekatutako norabidean sartzea.

3 puntu.

-Gehienezko abiadura orduko 30-40 kilometroan gainditzea.

-Segurtasun uhalik jantzi gabe gidatzea.

-Ibilgailu berezientzako lekuetan geratzea.

2 puntu.

-Sakelako telefonoa eskuetan erabiliz gidatzea.

-Gehienezko abiadura orduko 20-30 kilometroan gainditzea.

-Ibilgailuan radarrak antzemateko tresnak eramatea.

Gidabaimena berreskuratzea.

-Puntu guztiak galtzen dituzten gidariek berriz pasatu behar dituzte azterketa teorikoa eta praktikoa. Gidabaimena kendu eta sei hilabete itxaron behar dute ikastaroa egiten hasi aurretik. Frantziako Gobernua neurri hori biguntzea eta epea murriztea aztertzen ari da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.