Rubalcabak "erabaki bera" hartuko luke, presoak gose greba utziko lukeela jakingo balu ere

2007ko martxoaren 2a
13:25
Entzun
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroari ez zaio damutu atzo Iñaki de Juanari euskal presoari bigarren gradua eman eta Donostiako Ospitalera bidali izana, "erabakia erabat legezkoa delako", eta ez da sentitu "burlatua" De Juanak Donostiara iritsi ondoren gose greba utziko duela esan zuelako. "Erabaki bera hartuko nuke De Juanak gose greba utziko lukeela jakingo banu ere. Izan ere, medikuek esan ziguten heriotzaren arrisku handia zeukala eta, besteak beste, horregatik hartu nuen erabakia", esan du Rubalcabak gaur Espainiako Radio Nacional irratiari emandako elkarrizketan.

Atzo bezala, Barne ministroak adierazi erabakia berak hartu zuela eta berak azaldu behar zuela hori jendaurrean. "Neuk proposatu nion erabakia [Espainiako Gobernuko] presidenteari. Horrekin bat egin zuen hark eta kontu honek kostua badakarkigu, jakina, nik ez ezik, presidenteak ere izango du".

Rubalcabak esan du ez duela epero Espainiako gizarteak erabakiarekin "bat egitea", "baina bai ulertzea bi aukera zeudela: De Juana kartzelan hiltzea edo hari bigarren gradua ematea".

De Juanak Espainiako Gobernuaren erabakiz zigorra espetxetik kanpo bete ahal izango du, ospitalean aurrena eta etxean gero -baina kontrol telematikoarekin, eskumuturrean edo orkatilan ezarritako gailu elektroniko baten bidez, betiere Martuteneko espetxearen ardurapean-. De Juana Euskal Herrian da atzodanik, Donostiako Ospitalean, ertzainek zaindutako gela batean. Bigarren gose grebako 115. egunean utzi du baraualdia, 55 kilo besterik ez dela. 63 eguneko beste baraualdi bat egin zuen aurretik.

Osasun arazoengatik ezarri diote espetxe arindua De Juanari, baina erabat osatzen baldin bada ere espetxera ez duela itzuli beharrik izango iradoki zuen Perez Rubalcaba Barne ministroak. Bigarren gradu arruntak ez du ahalbidetzen zigorra espetxetik kanpo betetzea, baina Espainiako Espetxe Arautegiko 100.2 artikuluaren araberako erregimen berezia ezarri diote. Gradu bateko presoei beste gradu bateko baldintzak ezartzea ahalbidetzen du artikulu horrek.

Urtebete eta bost hilabete falta zaizkio Auzitegi Gorenak ezarritako hiru urteko zigorra betetzeko. Bi iritzi artikuluetan mehatxuak egitea eta terrorismoa goratzea leporatuta ezarri zion zigorra Gorenak, Auzitegi Nazionalaren zigor gogorragoa, 12 urte eta zazpi hilabetekoa, bertan behera utzi ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.