Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen egoerarekin arduratuta gutun bana igorri diete Sasoia erretiratu elkarteko kideek Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari. Proposamen zehatza egiten diete idatzi horretan: gaitz larriak dituzten 14 preso horiek aske lagatzearen truke prest daudela elkarteko kideak kartzelara joateko.
Sasoiako kideen arabera, "espetxeetan zein batetik besterako garraioetan jasotzen duten giza biderik gabeko tratuak" larritu egiten du preso horien egoera; "ez dago eskubiderik" salatu dute. Beren proposamenaren oinarrian justiziabaino areago oinarri-oinarrizko giza eskubideak daudela azpimarratu dute.
Gaitz larriak dituzten preso horiek kartzelan dauden bitartean GALen auziagatik zigortutako Enrique Rodriguez Galindo jenerala eta Rafael Vera Espainiako Segurtasun idazkari izana zigorraren zati txiki bat bete ondoren libre daudela nabarmendu du Sasoiak, bata bihotz arazoengatik eta bestea depresioagatik.
Sasoia erretiratu elkarteko kideak prest agertu dira preso gaixoen truke kartzelara joateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu