Etorkizunera begiratu eta atzera so egiteari uzteko aukera. Horixe ekarriko dio Serbia eta Montenegrori Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiaren heriotzak Javier Solana Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasun Komunerako goi komisarioaren iritziz. Solanaren ustez "goiztiarra" da heriotza honek izan dezakeen esanahi politikoari buruz azterketa egiten hastea. Hala ere, azaldu duenez, Belgrado Europarako bidean jartzea espero du.
Ez da Javier Solana izan, Milosevicen heriotzaren inguruan adierazpenak egin dituen bakarra. Stjepan Mesic Kroaziako presidentearentzat pena izan da Milosevic merezitako zigorra jaso gabe hil izana. "Pena izan da prozesua amaitu arte bizirik iraun ez izana eta merezitako zigorrik jaso ez izana".
"Gaizkileen panteoia"
Era berean, Paddy Ashdown Bosniarako nazioarteko goi ordezkariak ere penaz jaso du albistea. "Pentsatzen dut Milosevicentzat heriotza baino, justizia nahi genuenok, izugarri sentituko dugula justiziaren prozesua eten izana". Nazioarteko justiziari ihes egitea lortu du Milosevicek, Ashdownen aburuz."Ez dago zalantzarik, Balkanetan jasan zuten gaiztakeriaren arduradun nagusia izan zen Slobodan Milosevic". Ashdownek, Adolf Hitlerrekin alderatu du Milosevic eta historiak "gaizkileen panteoiean" ezarriko duela ziurtatu du.
Milosevicen heriotza / Erreakzioak
Solana: "Serbia eta Montenegrok etorkizunera begiratu ahal izango du heriotza honen ostean"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu