Soslai ezin antzekoagoa dute Yukio Hatoyamak eta Taro Aso orain arteko lehen ministroak. Biak dira Japoniako elite industrial eta politikoko kide. Biek zuten lehen ministro izandako aitona, aitaren partetik. Hatoyamaren amaren aldeko aitonak Brigdestone enpresa sortu zuen, eta Asorenak, berriz, Japoniako meatzaritza konpainia handiena. Batak zein besteak AEB Ameriketako Estatu Batuetan ikasi dute masterra. Eta biak ala biak hazi dira Alderdi Demokrata Liberalaren gerizpean.
Baina Asok alderdi barruan gailurreraino heldu arteko bidea egin badu, Hatoyamak 1993an utzi zuen jaiotetxe politikoa. Beste bost legebiltzarkiderekin batera Sakikake (Aitzindariak) alderdia osatu zuen, eta aurrerago Alderdi Demokratikoa bilakatu zen.
Joan den maiatzaren 16an lortu zuen alderdiko presidentetza. Ichiro Ozawari hartu zion txanda, legez kanpoko finantzaketa eskandalu batek hura kargua uztera behartu zuenean. Alderdiko buru izan aurretik, baina, izan zituen bestelako ardurak Hatoyamak: behe ganberan demokraten buruzagia izan zen, esaterako. Zortzigarren aldia da behe ganberan eserleku bat eskuratzen duena.
Tokioko Unibertsitatean lizentziatu zen, 1969an, eta Standfordko Unibertsitatean (AEB) egin zuen doktoretza. Politikagintzatik at, disko bat grabatu zuen, anaiarekin.
SOSLAIA. Hatoyama, disidentziatik gobernura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu