SOSLAIA/ Sarkozy, immigranteen semea immigrazioaren aurka

2007ko maiatzaren 7a
10:40
Entzun
Arantxa Elizegi

Aurkariek ere irabazletzat zuten Nicolas Sarkozy (Paris, 1955) UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuneko hautagai eta Frantziako presidente berria. Barne ministro izandakoak badaki berunezko eskuarekin jokatzen. Argi geratu zen hori Frantziako bazter-auzoetako istiluak hasi zirenean, 2005eko urte amaieran.

Immigranteen semea da, aita Hungariako aristokrata zuen, eta ama, berriz, Greziako judu sefardia. Horrek, ordea, ez du kentzen bere kanpainako puntu nagusietako bat immigrazioaren aurkako neurriak izatea. Sarkozyk proposatzen du Immigrazio Ministerioa sortzea. Hori arduratuko litzateke etorkinak kontrolatzeaz eta soilik langile gaituei sartzen uzteaz. Bide beretik, hitz eman du presidente kargua hartu eta bi urtera inork ez duela kalean lo egin beharko. Ez du azaldu nola lortuko duen hori.

Europako Batasuneko Konstituzioaren auzia izan da eskuineko hautagaiaren kanpainako beste puntu nagusia. Frantzia izan da Bruselak aurkeztutako Konstituzio proposamenari ezetz esan dionetako bat. Arrazoia: Turkiaren sarrera bultzatzen zuela. Sarkozy ez dago Turkia EBn sartzearen alde, eta beraz, Konstituzioa birmoldatzea eta murriztea proposatzen du. Horrek bere alde jarriko ditu eskuineko hautesle asko. Horien eta François Bayrouren jarraitzaileen sostengua beharko du hark bozak irabazi nahi baditu.

Nazioarteko gaietan Irakeko gerraren aurka agertu da. Aldi berean, ordea, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Frantziaren arteko harremanak hobetzearen aldekoa da. Hala azaldu dio George Bushi duela gutxi Washingtonera egindako bisitan.

Ekonomia arloko proposamenak ere frantsesen gustukoak dira. Zergak %4 murriztuko dituela hitz eman du. Horretaz gain, hainbat enpresa pribatizatu eta lan munduko arauak bigunduko dituela ere iragarri du, horretarako 35 orduko astea kenduz. Azken neurri horrek langileen kritikak eragin ditu. Horregatik, horien sostengua ez galtzearren, langileei nahi duten adinean erretiratzeko aukera eman nahi die.

Sarkozyren proposamen guztiak, baina, ez dira horren arrakastatsuak izan eskuineko hautesleen artean. Izan da bat eztabaida handia eragin duena:mezkitei diru laguntzak ematearena. Haren esanetan, laguntza horiek musulmanei Frantziako balioak erakustera bideratuko dira. Baina, laikoa den herrialde batean, halako proposamen batek laudorioak baino kritika gehiago jaso ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.