Ixiar Zubiaurre
HILLARY CLINTON
Bozak irabazten baditu, Hillary Clinton AEBetako emakumezko lehen presidentea izango da. Indartsu hasi du hauteskunde kanpaina, eta demokraten bozak eskuratzeko xedez, besteak beste, emakumeen eskubideen, osasunaren eta lanpostuak sortzearen aldeko urratsak egingo dituela agindu du. Nazioan nahiz nazioartean indar handiko hautagaitzat jotzen dute Clinton, eta presidentetza eskuratuko balu, kargura berehala moldatuko litzakeela uste dute askok. Bill Clinton AEBetako presidentea izandakoaren emaztea eta New Yorkeko senataria, Hillary Clinton Iraketik soldaduak ateratzearen aldeko da.
BARACK OBAMA
«Ez daude Ameriketako estatu zuriak eta Ameriketako estatu beltzak, Ameriketako Estatu Batuak baizik». Herrialdeko lehen presidente beltza izan nahi du Barack Obamak, eta, arrazakeria gaindituz, AEBak batzea da haren helburu nagusia. Irakeko gerraren aurkari sutsua izaki, 2003an Iraken inbasioa hasi aurreko hilabeteetan gogor gaitzetsi zuen George Bush AEBetako presidenteak gerra hasteko zituen asmoak.
JOHN EDWARDS
2004an AEBetako presidenteordetzarako bozetan parte hartu zuen John Edwardsek. Orduan John Kerry hautagai demokrata gailendu zitzaion. Porrotaren ondotik, kanpaina egiten aritu dela diote askok. Osasunak eta Irakeko gerrak hartu dute garrantzia haren kanpainan. Hala, Irakeko inbasioaren aldeko botoa eman izanaz damu dela dio. Alabaina, emaztearen minbiziak okerrera egin duela-eta kanpainarekin jarraitzeko moduan egongo ote den zalantza nagusitu da AEBetako hedabideetan.
SOSLAIAK/ Hautagai demokratak
Alderdi Demokratako hautagaien artean garrantzia hartu du Irakeko gerraren aurkako diskurtsoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu