Kataluniako herritarren gehiengoak demokratikoki adierazi duenaren arabera, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesuari ekitea adostu du Kataluniako Parlamentuak, Kataluniako herritarrek euren etorkizun politiko kolektiboa erabaki dezaten, honako printzipio hauen arabera:
• Subiranotasuna. Subjektu politiko eta juridiko subirano izateko zilegitasun demokratikoa du Kataluniako herriak.
• Zilegitasun demokratikoa. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesua zorrozki demokratikoa izango da, eta bereziki bermatuko dira aukera aniztasuna eta aukera guztien errespetua. Kataluniako gizartearen barruko erabakien eta elkarrizketaren bidez egingo da hori, herritarren gehiengoaren nahia adierazteko helburuz. Hori izango da erabakitzeko eskubidearen oinarrizko bermea.
• Gardentasuna. Beharrezko tresna oro jarriko dira Kataluniako herritarren eskura, gizarte zibil osoak erabateko zehaztasunez izan dezan erabakitzeko eskubidearen berri. Halaber, prozesuan haien parte hartzea bultzatuko da.
• Elkarrizketa. Espainiako Estatuarekin, Europako instituzioekin eta nazioarteko komunitatearekin hitz egingo eta negoziatuko da.
• Kohesio soziala. Kataluniako gizartearen eta lurraldearen batasuna bermatuko da, baita gizarteak behin baino gehiagotan adierazi duen nahia ere: Katalunia herri bakar gisa mantentzea.
• Europartasuna. Europako Batasunaren sorrerako printzipioak defendatuko eta bultzatuko dira, batez ere herritarren oinarrizko eskubideak; demokrazia, ongizate estatuarekiko konpromisoa, Europako herrien arteko elkartasuna eta aurrerapen ekonomiko, sozial eta kulturala.
• Legezkotasuna. Demokrazia indartzeko eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko dauden lege esparru guztiak erabiliko dira.
• Parlamentuak funtzio nagusia. Kataluniako gizartea ordezkatzen duen instituzioa izaki, prozesu honetako rol nagusia parlamentuak du; horrenbestez, printzipio hau bermatzen duten lan mekanismo eta dinamikak adostu eta zehaztu beharko dira.
• Parte hartzea. Herrigintzaren eta ahal beste indar politikoren parte hartzea bultzatu beharko dute Kataluniako Parlamentuak eta Generalitateak, baita eragile ekonomiko eta sozialena eta erakunde kultural eta zibikoena ere. Printzipio hau bermatzeko mekanismoak zehaztu beharko ditu.